Zein da orain taldearen egoera?
Alejandro Casquero: Denboraldi nahiko ona egiten ari gara. Hirugarren postuan gaude Alaves C-rekin berdinduta, eta San Viator liderra hiru puntura dugu. Asteburu honetan Alavesen aurka jokatuko dugu Gasteizen eta gogoekin hartu dugu partida.
Gainera, marka historikoa gainditu duzue pasa den asteburuan, 16 partida jarraian galdu gabe egon zarete.
Oscar Ruiz Lorenzo: Gauzak ondo egiten ari gara eta hori erakusten da emaitzetan. 16 partida jokatu ditugu galdu gabe eta gure helburua da ahalik eta puntu gehien eskuratzea, eta marka gainditzen badugu, hobe.
Zein da denboraldi honetako helburua?
Adrian Alvarez: Gauden momentuan egonda, gure xedea da lehenengoak edo bigarrenak izatea. Lehenengoak lortuko luke 3. mailara igotzea eta bigarrenak, aldiz, Errege Kopako play-offak jokatuko ditu Gipuzkoako eta Bizkaiko taldeen kontra. Oso polita litzateke.
"Oso giro ona dago aldagelan, adin bereko jokalari asko eta ez dago hierarkiarik"
Zein da sekretua denboraldi hain ona egiteko?
A. C.: Nire ustez, gakoa da giroa oso ona dela aldagelan. Oso harreman onak eta estuak ditugu. Zelaian nabaritzen da guztiok batera goazela. Horrela jarraitu behar dugu eta geratzen diren partidak ondo ateratzea espero dugu. Helburua lortzea bikaina litzateke.
CD Laudiok urte gatazkatsuak igaro ditu 2. B mailan egondako hondamendi ekonomikoaren ondorioz, eta lortu duzue jendetza ekartzea Ellakurin. Zer aldatu da klubean berriro ilusioa pizteko?
O. R. L.: Hasteko, klubak hobeto egiten ditu gauzak eta ikusten dugu laguntza dugula. Aurten emaitzak onak izan arren, iaz jarri ziren oinarriak, jende gehiena etxekoa baita eta gurekin identifikatuta sentitzen da, gure jokoarekin. Hori oso garrantzitsua da batuta egoteko.
Zein izan da zuen ibilbidea CD Laudion?
A. A.: Ni lau urterekin hasi nintzen CD Laudion jokatzen eta orain arte beti jokatu dut CD Laudion. Federatu nintzenean, lehenengo urtean kadete kategorian jaitsiera izan genuen, baina hurrengo denboraldian igotzea lortu genuen berriro. Juniorretan Euskal Ligarako igoera erdietsi genuen. Oso garrantzitsua izan zen.
Garai horretan partida batzuetan jende asko bertaratu zen Ellakurira, baina aurten lortu duguna ez dut inoiz ikusi. Egia da COVID-19a egon dela erdian, baina aurten ari gara lortzen jendea erakartzea. Oso garrantzitsua eta berezia da jokatzea familiek, umeek eta lagunek laguntzen eta animatzen duten bitartean.
Zer ematen dizue babes horrek?
A. C.: Azken partidetan harrobiko jokalariekin ateratzen gara zelaira, guretzat garrantzitsua baita eta motibazioa ematen digu. Larunbatean ia 700 lagun egon ziren Ellakurin eta giroa oso polita izan zen. Indar handia ematen digu. Orain aldagelan esaten duguna da une hauek gozatu behar ditugula eta aprobetxatu. Ez dakigu berriz biziko ditugun eta zaleen indarra hartu behar dugu eurei erantzuteko.
Zenbat jokalari zarete Laudiokoak edo eskualdekoak?
O. R. L.: Gehienak Laudiokoak eta Amurriokoak gara eta Gasteizko batzuk ere badaude. Laudiokoak zortzi edo bederatzi gara eta adin berekoak, gainera. Gure artean errazagoa da elkar entzutea eta ikastea, ez baitago adinak ezarritako hierarkiarik, beste talde batzuetan dagoena. Amurrioko hiruzpalau jokalari daude eta urte pilo daramate hemen jokatzen, ezagutzen dute funtzionamendua eta ondo dakite zer esan nahi duen kolore hauek defendatzea.
Zer suposatzen du Laudion jokatzeak?
A. A.: Nik gogoratzen dut duela gutxi izan nuela elkarrizketa bat aitarekin eta galdetzen zidan ea non jokatuko nukeen edonon egiteko aukera izango banu. Nik erantzun nion nire ametsa dela hemen jokatzea eta CD Laudiorekin 3. mailara igotzea lortzea, eta sekulako jaia egitea herrian bertan, ez beste leku batera joatea. Txikitan Ellakurira igotzen ginen CD Laudio ikustera 2.B eta 3. mailan eta argi nuen hemen jokatu nahi nuela.
Gertatu den filosofia aldaketa gertutik bizi izan duzue?
A. C.: Bai, nire bosgarren denboraldia da klubean. Hori baino lehen beste denboraldi bat eman nuen hemen ere, baina Amurriora joan nintzen. Gauza ugari gertatu dira azken urteotan eta aldaketak egon dira zuzendaritzan eta egin den trantsizioa oso ona izan da. Azken urteetan lan bikaina egin dute eta hori nabaritzen da. Kluba gero eta hobeto dago. Pausu handiagoak ematen ari gara. Etorkizunean ez dakigu zer gertatuko den, baina momentuz ondo ikusten dugu eta espero dugu gero eta hobeto joatea.
Azterketa final bat duzue Alavesen aurka asteburu honetan, zeintzuk izango dira zuen armak?
O. R. L.: Guztiok elkarrekin egotea, konfiantza izatea egiten dugun horretan eta, nahiz eta uneren batean estualdiak igaro, aurrera egin garaipena lortu arte. Gure lema izan litzateke ez garela inoiz zapuzten edo behera erortzen, beti gaude hor eta beti saiatzen gara gola egiten. Partida luzea izango da eta aukerak izango ditugula badakigu. Zaleen ahotsa beharko dugu.
"Saiatzen gara baloia izaten eta protagonistak izaten, joko polita eginda"
Talde moduan zeintzuk dira zuen ezaugarriak?
A. A.: Saiatzen gara baloiarekin protagonistak izaten. Futbolean guztiok nahi dugu pilota oinean edukitzea eta talde askotan hori ezin duzu egin. Askok botatzen dute baloia aurkariaren zelaira, baina gu saiatzen gara pilota atzetik jokatzen, apurka-apurka besteen zelaira arte eramaten eta gola sartzen. Horrez gain, saiatzen gara beste taldea goian sakatzea, baloia ahalik eta lasterren berreskuratzeko eta hori oso positiboa da, ikusten baitugu joko erakargarria egiten dugula eta ikasten jarraitzen dugula.