Cosecha del 48 elkarteak 'Los Modulos' taldea ekarriko du bere 25. urteurrena ospatzeko

Aitor Aspuru Saez 2023ko mar. 23a, 07:00

Cosecha del 48 elkarteak egindako ekitaldi jendetsu bat. / Aiaraldea.eus

Egun osoko egitaraua prestatu du Cosecha del 48 elkarteak eta eskualdeko herritar orori zabaldu diote parte hartzeko aukera, baldintza bakarrarekin: 1948an jaio izana.

Apirilaren 22an egun osoko jaia egingo du Cosecha del 48 elkarteak. Laudio Institutua hartuko dute horretarako eta taldearen 25. urteurrena ospatuko dute.

Laudioko elkartea bada ere, antolatzaileek azpimarratu dute eskualdeko edonork parte har dezakela ospakizunean, 1948an jaiotakoa bada. "Okondo, Amurrio, Aiara edota Orozkoko jendeari harrera beroa egingo diegu etortzen badira", azaldu du Adolfo Guerrero taldeko kideak. 

Hitzordua bitan banatuko dute. Alde batetik, ordainduzkoa den egitaraua eta, bestetik, publiko orori zuzendutakoa. Lehen zatia 12:00etan hasiko da. Juan Carlos Pinedo apaizak meza eskainiko du eta jarraian askaria, poteoa eta bazkaria izango dira.

Musika, magia, karaokea...

Bazkalostean bakarlari baten emanaldia eta Taylor Magoaren ikuskizuna egingo dituzte. 17:00etik aurrera ekimenak irekiak izango dira. Zehazki, Los Modulos taldeak bi kontzertu eskainiko ditu eta bien artean karaokea egongo da. 

Adolfo Guerrerok azpimarratu du Los Modulos taldean Pepe Barbeitok jotzen duela, laudioarra eta Los Yumas bandako kide ohia. 

48 euro

Egun osoko jaiaz gozatzeko prezioa 48 eurokoa izango da. Edonola ere, Adolfo Guerrerok azaldu du bestelako formulak bilatu daitezkela norbaitek ezin badio gastu horri aurre egin: "Ez dadila inor geratu parte hartu gabe".

Diru sarrera Laboral Kutxako ES35 303500 4523045 11 69796 zenbakiko kontuan egin beharra dago.

Cosecha del 48 taldeak jadanik itxitako Gastronomia Museoan hasi zuen bere ibilbidea, sukaldaritza tailerrak eta dastatzeak antolatzen, baina gero herriko kulturari lotutako norbanakoak omendu ditu.

Azkenik, elkarteak eskertu nahi izan die laguntzaile guztiei egindako ekarpena. "Guk gure kabuz antolatzen dugu dena eta babes hori gabe ezinezkoa litzateke", aipatu du Guerrerok.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide