Laudio Eskubaloi Taldeko senior taldeak erronka garrantzitsua izango du asteburuan Granja Kiroldegian. Zehazki, 18:00etan Beltzagorri Santutxu izango du aurrean, Bizkaiko lehen mailara igotzeko Final Fourean. Lau taldeen artean gailentzen denak eskuratuko du igoerarako plaza. Basaurik jadanik lortu du, ligan lehenengoa izan baitzen.
Gogoratu beharra dago laudioarrak Bizkaian lehiatzen direla eta probintzia horretako Federazioak antolatzen duela kanporaketa. Une goxoan daude Laudio Eskubaloi Taldekoak, eta ez dute baztertzen aurrera egitea txapelketan, baina klubeko arduradun batek jakinarazi du baja garrantzitsuak izango dituztela -jokalari bat kanpora joan da ikastera, adibidez- eta publikoaren beroa beharko dutela.
Bere alde dute Bizkaiko ligan bigarren postuan geratu eta gero, igoera fasearen kanporaketa jokatuko dutela herrian bertan. Fase horretan bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren sailkatu direnek neurtuko dituzte indarrak, finalerdien eredua jarraiki.
Laudioarrak Beltzagorri Santutxuren kontra jokatuko dute. Ligan bi partida galdu zituzten, baina txapelketa guztian oso parekaturik egon dira.
Muskiz Eskubaloia eta CD Valle de Trapaga arituko dira beste partidan eta irabazleek hitzordua izango dute igandean 12:00etan, Granja kiroldegian berriro.