Mobilizazio jendetsua egin dute Aretan eskolako 2 urteko gela ixtearen aurka. Aurreko astearen amaieran iragarri zuen Hezkuntza Sailak Aretako gelaren itxiera, eta hori salatzeko manifestazioa egin dute 18:00etan Altamira plazatik Laudiora. Kamiseta gorriak jantzita, ehunka lagun batu dira protestara, eta Aretatik Laudiorako bidea trikitilariek zein txistulariek girotu dute, aldarrikapenen artean.
"Atzo Zabaleko eta Mendiko ziren, gaur Areta eta bihar Aiaraldeko edozein ikastetxe izan daiteke. Horregatik, ezinbestekoa da guztion batasuna, lana eta ahalegina, hezkuntza zerbitzu prekario bihur ez dadin"
Euskal eskola publikoaren aldeko mezuak, "Aretako eskola ez itxi" edota "gora Areta tirri-tarra" oihuak izan dituzte bidelagun. Aretako eskolako kideak ez ezik, Latiorroko eskolakoak zein Amurrioko Eskola Publikoko lagunak ere atxikitu dira deialdira. Ekitaldia, berriz, Laudioko Herriko plazan egin dute. "Aretako eskolako hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztiok (familiek, langileek eta hezitzaileek, lehengoek eta etorriko direnek) erabat gaitzesten dugu bi urteko gela ixtea; ez baita gela bat bakarrik, baizik eta bere etorkizuna eraikitzen eta Areta izeneko familia handi hori hasten den tokia", adierazi dute bozeramaileek.
"Irakaskuntzaren aurkako eraso argia da: urte batzuen buruan ikastetxe txikiak ixten joan eta hezkuntza makro zentro batean zentralizatzen baitu"
Ildo beretik, irakaskuntzaren aurkako erasotzat jo dute erabakia, "urte batzuen buruan ikastetxe txikiak ixten joan eta hezkuntza makro zentro batean zentralizatzen baitu". Aretakoa kasu bakarra ez dela nabarmendu dute: "Atzo Zabaleko eta Mendiko ziren, gaur Areta eta bihar Aiaraldeko edozein ikastetxe izan daiteke. Horregatik, ezinbestekoa da guztion batasuna, lana eta ahalegina, hezkuntza zerbitzu prekario bihur ez dadin".
Gaurko mobilizazioaz gain, martxoaren 27an -astelehenean- 17:30ean Laudioko herriko plazan elkartzeko deialdia zabaldu dute, udal osoko bilkuran hitza hartzeko.