ETAk eraildako Jose Luis Vicente Canton eta Ciriaco Sanz Garcia laudioarrak omendu ditu Udalak

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mar. 25a, 07:32

Terrorismoaren biktimak omentzeko plaka jarri dute Udaletxean, bi biktima horien izenekin. Herritar zein senide ugarik hartu dute parte ekitaldian.

Terrorismoaren biktimak omentzeko ekitaldia egin du gaur Laudioko Udalak, iragan martxoaren 10an Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna izan zela probestuta. 

Plaka bat inauguratu dute horretarako, ETAk eraildako Jose Luis Vicente Canton eta Ciriaco Sanz Garcia laudioarren izenekin. Herritar eta senide ugarik hartu dute parte ekitaldian. Ander Añibarro izan da hitza hartzen lehena. Alkateak aitortza egin nahi izan die "basakeriaren ondorio zuzenak pairatu eta pairatzen dituzten biktima guztiei". "Gaur horiek guztiak oroitu nahi ditugu, baina batez ere bizia galdu zutenak, erailak izan zirenak". 

Añibarrok nabarmendu du lan handia geratzen dela egiteko memoriaren esparruan. "Memoriaren  bidez ezagutu dezakegu gure historia, honaino ekarri gaituzten gertakariak ulertuz eta gizarte moduan nola hobetu dezakegun hausnartuz". 

Omendutako bi pertsonen bizitzei ere egin die aipamena alkateak. Jose Luis Vicente Canton Maderas Reunidaseko langilea izan zen, baina lesio bat pairatu zuen, eta gestoria eta higiezinen agentzia batean laguntzera pasa zen orduan. Ciriaco Sanz Garcia, aldiz, Burgosetik Laudiora etorritako Guardia zibila zen. Biak ala biak erail zituzten tiroz, 1978 eta 1979. urteetan, hurrenez hurren, eta ETAk aldarrikatu zituen bi ekintzak. "Ni ez nintzen jaio oraindik eta, duela gutxi arte, gertakari horiek erabat ezezagunak ziren niretzat", aitortu du gobernuburuak, "kontatu didatenagatik, herriak ez zuen behar bezala jokatu. Zoritxarrez, beste herri batzuetan bezala, biktimen familiek bazterketa soziala pairatu zuten. Garai hartan, apaizak uko egin zion mezan anaitasunezko bakea emateari, gure bizilagunen jokabidea zela eta". 

Horregatik, "bizikidetza eta elkarrizketa" sustatu eta "historiatik ikasi eta elkarrekin lan egiteko" deia luzatu du Añibarrok, "gizarte justuago eta baketsuago bat eraikitzeko". 

"Herria ixilik egon da eta ixilik jarraitzen du horrelako gaiei dagokienez, jendea ez delako modu zuzenean hitz egitera ausartzen", nabarmendu du Jose Luis Vicente Cantonen semeak.

Senideen hitzak

Añibarroren ostean, Jose Luis Vicente Cantonen semeak hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie udal ordezkari guztiei ekitaldia antolatzegatik, eta 1978tik hona bizitakoak ekarri ditu gogora. Bere aitaren lagun gehienak "koldarrak" izan zirela salatu du, "gainontzeko herritarrak bezala". "Herria ixilik egon da eta ixilik jarraitzen du horrelako gaiei dagokienez, jendea ez delako modu zuzenean hitz egitera ausartzen", nabarmendu du senideak, eta gaineratu du bere aita "gizon ona" zela: "Urte luzez egon zen Laudion ongia egiten. Hainbat urtez arduratu zen kanpotik Laudiora zetorren jendea babesteaz. Kasu batzuetan lana lortu zien. Migrante horietako asko kartoizko kutxa batekin iristen ziren laudiora, baina berak denbora gutxian lortzen zuen pertsona horiek udalerri barruan sartuta egotea". 

Ciriaco Sanz Garciaren senideek ere jaso dute ekitaldira bertaratzeko gonbita, baina uko egin diote gerturatzeari, Añibarrok azaldu duenez. "Hala ere, oso eskertuta daude gonbidapenagatik, eta ni neu joango naiz Burgosera omenezko plaka eurei eramatera". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide