Ekimen berezia egin zuen atzo Laudio Ikastolak herrian barrena. "12.742 kilometro baietz!" lelopean, Zumalakarregi etorbidea puntarik punta lotzeko erronka luzatu zieten herritarrei, eta oihartzun zabala izan zuen ekimenak. Izan ere, egun osoan zehar makina bat lagun animatu ziren euskararen alde bidea zeharkatzera. Ibilbidean zehar, gainera, hainbat elkarteren parte hartzea ere nabarmendu zen: Itxarkundia taldeak dantzan heldu zion erronkari, Andere abesbatzak kantuan, eta Arloteek kalejiran. Horrez gain, Galtzagorri kultur taldeko buruhandiak ere ibili ziren partaideak zirikatzen, eta Kun kun batukadak erritmoa jarri zion arratsaldeari.
"363 kilometro baino ez dira falta izan zenbaki borobila erdiesteko: eta hori sekulako lorpena da"
Ildo beretik, Esmara elkarteak txosna jarri zuen Saharako kanpamenduetako proiektua sustengatzeko, eta Araba Euskarazeko material salmenta ere egon zen, txosna eta talo postuarekin batera.
Argazkiak: Laudio Ikastola eta Izar Mendiguren Cosgaya