Duela lau urte ekin zion Kirikiñok baratza atontzeari, Laudioko Udalak Ellakurin dituen udal ortuetako lursailetako batean. Duela bi urte, aldiz, hortik metro eskasetara dagoen zuhaiztian sartu ziren aisialdi taldeko kideak, espazioa atondu eta erabilgarri jartzeko helburuarekin, adin guztientzako naturgune bat sortuz.
'Basoa' izena jarri zioten berreskuratutako gune horri, eta hainbat jarduera egin dituzte bertan azken asteetan, proiektuaren 2. urteurrena ospatzeko. Iragan larunbatean eman zioten amaiera egitarauari, herri bazkariarekin eta Irune Urkixoren kontzertuarekin. Baina aurreko egunetan bestelako ekimenak ere burutu dituzte. Martxoaren 17an, adibidez, Oñatiko Gaztetxeko kideak bertaratu ziren Basora, Mari filma aurkeztera.
Etorkizunera begira
Etorkizunera begira, proiektua garatzen eta zabaltzen jarraitzeko asmoa dute Kirikiñoko kideek. Horretarako, elkarlanean ari dira Laudio Institutuko kideekin. Modu horretan, Basoaren parean dagoen Gregorio Marañon Lanbide Heziketa institutuko hainbat azpiegitura eta espazio erabiltzeari ekin diote, eta horrek aukera eman die eta emango die beste hainbat proiektu garatzeko, boulderra edota liburutegia kasu.