Egitarau zabala prestatu dute Laudion Dolumin Barikua ospatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko mar. 28a, 12:00
Abereak izango dira Dolumin Barikuko protagonista nagusiak. / Aiaraldea.eus

Dolumin Barikua ospatuko dute ostiral honetan Laudion. Egun osoko programazioa prestatu dute, eta hurrengo egunetan ere luzatuko da egitaraua. Puro Relajo taldeak eta Oxabi erromeriak osatuko dute musika eskaintza.

Dolumin Barikua ospatuko dute ostiralean -martxoak 31- Laudion. Udalak eta herriko beste zenbait eragilek hainbat ekintza prestatu dituzte herriko azoka egunik garrantzitsuena janzteko.

Laudioko Abeltzain Elkarteak antolatutako CXXX. Ganadu Azoka izango da eguneko ekintza nagusia. Abereek goizeko 9:30etatik 14:30etara hartuko dute Laudioalde Lanbide Heziketa Ikastetxeko aparkalekua eta honen aldiriak. Bien bitartean, Herriko plazan, Aldai plazan eta Alberto Acero enparantzan dozenaka postuk osatuko dute euskal jaki eta artisautza produktuen eta nekazaritzako makineriaren erakusketa.

Musika eta kale animazioa ere ez dira faltako. Goizean Bidebietako trikitilariek girotuko dituzte Laudioko kaleak, eta arratsaldean Ekin Joleak taldeak hartuko du karrikak alaitzeko lekukoa. Done Petri baselizan Santa Luzia abesbatzak kontzertua eskainiko du 20:00etan. Puro Relajo taldeak eta Oxabi erromeriak osatuko dute musika eskaintza. Alberto Acero enparantzako eszenatokian arituko dira bi musika taldeak, 20:00etatik 21:30etara eta 23:00etatik aurrera, hurrenez hurren.

Herri kirolak

Herri kirolak izango dira Dolumin Barikuko beste osagai nagusietako bat. Lauzaldi Elkarteak Dolumin Barikuko XII. Herri kirol txapelketa antolatuko du 12:30ean Aldai Plazan. 17:00etatik aurrera, aldiz, umeentzako herri kirolak prestatuko dituzte, gaztetxoenak ere jarduera hauetara hurbiltzeko.

19:00etan idi-probak egingo dituzte udal probalekuan. Idi-probek jarraipena izango dute apirilaren 1ean eta apirilaren 3an, 21:00etan.

Indaba jana Gure Aukeran

Martxoaren 31n Ezker Abertzaleak Gure Aukera Kultur Elkarteko ateak zabalduko ditu Laudioko azoka eguna probestuz. 12:00etatik aurrera taberna zabalik egongo da, eta 14:00etan indaba gorriak eskainiko dituzte. Jai-giroa arratsaldean zehar luzatuko da, musika jartzaileen eskutik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide