CD Laudiok ez du lortu azken hilabeteetako bolada onari eustea, eta 3-0 galdu zuen Alavesen aurka iragan martxoaren 26an Gasteizen jokatutako partida. Talde laudioarrak 16 jardunaldi zeramatzan norgehiagokarik galdu gabe. Aurreko jardunaldian, gainera, 2-1 garaitu zuen ligako lehen postuan dagoen San Viator taldea.
3-0 Alavesen alde
Talde zuri-gorriak lehenengo minutuan jazo zuen lehenengo gola martxoaren 26ko norgehiagokan. Lehen kolpe hori gorabehera, partida berdintzeko hainbat aukera izan zituen CD Laudiok partidaren lehenengo zatian. Aukerak izan arren, ez zen golik iritsi laudioarren alde. Alavesek, bere aldetik, bi gol sartu zituen bigarren zatiko lehenengo 20 minututan, markagailuan are abantaila gehiago lortuz.
Javi Urrutiaren taldeak, ordea, ez dio amesteari utzi nahi, eta maila igoera lortzeko "konplexurik gabe" lehiatzen jarraitu nahi dute. "Orain, kolpe honetatik osatu eta azken jardunaldietan erakutsitako bidera itzuli behar gara. Liga asko geratzen da eta dena da posible".