EAJ eta EH Bilduk zinegotzi bat izan dezakete jokoan Laudion, EITB Focusen arabera

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mar. 29a, 07:00

Grafiko batean jarri dute ikusgai Laudioko boto-asmoa. / Gizaker (EITBFocus)

Ikerketa estadistiko horren arabera, EAJk irabaziko lituzke maiatzaren 28ko udal hauteskundeak, botoen %33,2 lortuta. EH Bilduk, aldiz, %27,8 jasoko luke, duela lau urte baino %2,9 gehiago. 

Laudion maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako dagoen boto-asmoaren azterketa egin du Gizaker enpresak, EITBrentzat eginiko inkesta handi baten barruan.  

Azterketa egiteko, EAEko 18 urtetik gorako 6.649 pertsona galdekatu dituzte telefono bidez otsailaren 27tik martxoaren 17ra bitartean, horietako 400 Laudion. Inkesten %22,7a egin da euskaraz eta gainontzeko guztiak gazteleraz. Gizakerren arabera, Laudioko inkesten kasuan %4,9koa da akats-tartea. 

Zinegotzi bat jokoan

Azterketa horren arabera, EAJk irabaziko lituzke maiatzaren 28ko udal hauteskundeak Laudion, botoen %33,2 lortuta. 2019an botoen %36,4 lortu zuen alderdi jeltzaleak. Horregatik, zinegotzi bat galdu ahalko luke aurten.

EH Bilduk, aldiz, igoera izango luke, botoen %27,8 lortuta (2019an %24,9 eskuratu zuen). Modu horretan, zinegotzi bat eskuratzeko aukera izango luke. Gauzak hala, esan daiteke zinegotzi bat egon daitekeela jokoan bi alderdi nagusien artean. 

Gainontzeko talde politikoei begira, aldiz, Gizakerrek ez du aparteko aldaketarik aurreikusten: Omniak bere botoen ehunekoa (%18,4) mantenduko luke, 3 zinegotzi bermatuta. PSE-EE, aldiz, %10,5etik %10,1era igaroko litzateke, bi zinegotziko ordezkaritza mantenduta. Gainontzeko botoek (%4,4) ez lukete ordezkaritzarik lortuko udalean.   

Kudeaketaren balorazioa

Inkestatuek 5,4eko bataz besteko nota jarri diote Laudioko Udalak azken lau urteetan eginiko kudeaketari. Hau da, %69,8ak aprobatua eman dio kudeaketari. Aipatu beharra dago baztaz besteko hori berdina dela Araban eginiko inkesta guztiak kontuan hartuta (Gasteizen 5,3koa da bataz bestekoa eta Agurainen 5,8koa). EAEko bataz bestekoa, aldiz, 6koa da. Basauriko Udalaren kudeaketa da notarik altuena duena, 6,4ko bataz bestekoarekin.  

Lehentasunak

Udal mailan dauden lehentasunen inguruan ere galdetu du Gizakerrek, baina ez du udalerrikako daturik eman (hiriburuetan zoilik plazaratu ditu banakako datuak). Orokorrean hitz eginda, ekonomia eta enplegua da lehenetasuna inkestatuen %36,1arentzat, eta atzetik doaz segurtasun hiritarra (%28,6), udal zerbitzuak (%17,6), kultura eta kirola (%5,6), garraioa (%3,2) eta trafikoa (%1,9). 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide