Ikasturte honetan bi urteko gela mantentzea lortu duten arren, ikastetxearen etorkizunaren alde mobilizatzen jarraituko dute Aretako Eskolako gurasoek

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko mar. 28a, 20:42

Ostiraleko mobilizazioko irudi bat. / SOS Areta Eskola

Bi urteko gela mantentzea lortu duten arren, balorazio "gazi-gozoa" egin dute Aretako Eskolako gurasoek, ez baitute ikastetxearen etorkizunaren inguruko inolako bermerik jaso. Aretako familiek mobilizatzen jarraituko dute, eta ostiralean Eusko Legebiltzarrera eramango dute Euskal Eskola Publikoaren aldeko aldarria.

Astelehen gauean iragarri zuen Ander Añibarro Maestre Laudioko alkateak Aretako Eskolako bi urteko gelak zabalik jarraituko zuela ikasturte honetan ere. Gauzak horrela, zerbitzu publikorik gabe geratzeko arriskuan zeuden bi familiek Aretan matrikulatu ahalko dituzte aurten seme-alabak.

Gertakarien segida abiada bizian igaro da. Iragan astean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailako teknikari batek telefono deiaz jakinarazi zion Aretako Ikastetxeari, matrikulazio gutxi izanagatik, bi urteko haurren gela ixteko asmoa. Segituan jazo ziren lehenengo erreakzio eta erantzunak. Kaltetutako familiak, eskolako komunitatea, Aretako bizilagunak eta eskualdeko eragile sozial ugari Jokin Bildarratzek zuzentzen duen sailaren erabakiaren kontra mugitzen hasi ziren, SOS Aretako Eskola plataformaren bidez.

Ostiralean -martxoak 24- mobilizazio jendetsua egin zuten Aretatik Laudioko Herriko plazaraino. Astelehenean, berriz, auzia Osoko Bilkurara eraman zuten Aretako Eskolako zuzendariak eta Guraso Elkarteko lehendakariak. Alderdi guztiek aho batez adierazi zioten babesa eskola komunitateari. Gau horretan bertan, sare sozialetan zabaldutako bideo batean, iragarri zuen Ander Añibarrok Hezkuntza Sailetik zerbitzu publikoa abian mantentzeko jazotako erabakia.

"Pozik gaude bi matrikulak bermatuko direlako, baina ez digute adierazi datorren urtean zer gertatuko den bi urteko gelarekin, ezta eskolarekin ere ez"

Balorazio "gazi-gozoa"

Aretako Eskolako gurasoek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, sare sozialen bidez jazo zuten Hezkuntza Sailaren erabakiaren berri: "Asteartean Laudioko alkatearekin bildu ginen arte ez genuen jakinarazpen ofizialik jaso".

Kaltetutako gurasoek balorazio "gazi-gozoa" egin dute. "Pozik gaude bi matrikulak bermatuko direlako, baina ez digute adierazi datorren urtean zer gertatuko den bi urteko gelarekin, ezta eskolarekin ere ez. Ez dugu inolako bermerik", azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari. Halaber, asko estimatu dute Aretako bizilagunek zein eskualdeko gainerako herritarrek erakutsitako elkartasuna: "Euskal Eskola Publikoaren defentsan ehunka lagun mobilizatu dira azken egunetan, oso eskertuak gaude".

Bermeak aldarri

Hain zuzen ere, mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute Aretako Eskolako gurasoek, Hezkuntza Sailak eman ez dizkien bermeak aldarrikatzeko. Aurreikusi bezala, ostiral honetan Gasteizko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran izango dira. Elkarrekin-Podemos alderdiak gaiaren inguruan galdetuko dio Jokin Bildarratzi zuzenean, eta Aretako gurasoek prentsaurreko bat eskainiko dute gero.

"Asteleheneko Udalbatzara eramandako testu berdina eramango dugu Gasteizera", azaldu dute Aretako Eskolako gurasoek. Bide beretik, astelehenean mozioa babestu zuten alderdi politiko guztiei luzatu diete eskola komunitatearekin batera Gasteizera ikastetxearen etorkizuna aldarrikatzera joateko gonbita.

Familiek herritarren presentzia eskatu dute Legebiltzarrean, eta Gasteizera joateko autobusak jarriko dituzte. Martxoaren 31an 7:30etan abiatuko dira Altamira Plazatik. Izena emateko aretakoeskola@gmail.com helbide elektronikora bidali behar da mezua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide