Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztuko dela baieztatu du Orain Amurriok, prentsa-ohar baten bidez. Talde politikoak “parte hartzeko prozesua” egin berri du, amaitzear dagoen legealdiaren balorazioa egiteko, eta bertan erabaki dute proiektuarekin aurrera jarraitzea, “ahots autonomoa, plurala, munduari irekia eta Amurrioko udal lanean eta Aiarako arazoetan proiektatua” direla iritzita.
Barne prozesu horretan erabaki dute baita Kepa Gonzalez izango dela Orain Amurrioren alkategaia. Gonzalez izan da, hain zuzen, talde politikoko zerrendaburua orain arteko udal hauteskunde guztietan, eta ibilbide oparoa egin du aurretik ere mugimendu sozialetan, oharrean azaldu dutenez: “Aceros de Llodio S.A-ko langilea izan zen enpresak ateak itxi arte, eta erizaintzako diplomaduna eta Laneko Arriskuen Prebentzioko goi mailako teknikaria da. Lau hamarkada baino gehiago igaro ditu hainbat gizarte-mugimendutan parte hartzen”.
Gauzak hala, Orain Amurrioko kideek “babes eta konfiantza osoa” helarazi nahi izan diote Gonzalezi, “gure herrian eta eskualdean izan diren borroka eta aldarrikapen ugarietan parte hartu duelako, bai eta Orain Amurrio udal taldearen buru Udalean legegintzaldi osoan zehar egindako lanagatik ere”.
Orain Amurrioren ekarpenak, 1,15 milioi eurotan baloratuta
Gonzalezen hautagaitza aurkezteaz gain, azken lau urteetan eginiko lanaren balantzea ere plazaratu dute Orain Amurrioko kideek. Nabarmendu dutenez, azken urteetan Udalean eginiko obra eta plan asko eurek proposatutakoak izan dira. "Aktiboki parte hartu dugu Hiri Antolamenduko Plan Orokor berrian eta, bereziki, alokairu sozialeko etxebizitzen garapenean”, nabarmendu dute, “alegazio zehatzak proposatu ditugu eraikuntzari eta bizigarritasunari buruzko ordenantzetan, eta gazteentzako etxebizitzak alokatzeko laguntzak lortu ditugu”.
Zergei dagokionez, goraipatu dute “udal zerga batzuetako laguntzen onuradun kopurua handitzea” lortu dutela. Obra eta Zerbitzuetako sailean ere proposatu dituzte hobekuntzak: “Eszenatokiaren teilatua, udal-biltegien hobekuntza, transpaleta, aulkiak eta taulak garraiatzeko kaiolak, kamioi-garabirako aginteak…”.
Ingurumen arloan, aldiz, “Aresketamendi, Kuskumendi eta Izartzako parke naturalak suspertzeko proiektuak” proposatu dituzte, “amiantoa kentzeko laguntzak” bideratu dituzte, “mini-puntu berdeak” sustatu dituzte Batzar Administratiboetan eta “bizikletentzako seinaleztapen-bidegorriak eta aparkaleku estaliak” eginarazi dituzte. Horrez gain, Udalak bi gurpil-aulki elektriko erosi ditu Orain Amurriok proposatuta, “behar dutenei maileguan uzteko”. “Gainera, enplegurako kontu-sailak handitzea lortu dugu. Eta euskararen, berdintasunaren, zainketen eta abarren planen onespenean parte hartu dugu”, gaineratu dute.
Gauzak hala, euren proposamen guztiak kontuan hartuta, Orain Amurrioko kideek kalkulatu dute “1,15 milioi euroko eragina” izan dutela “azken urteotako udal aurrekontuetan”. Hala ere, uste dute euren lana oraindik “bukatu gabe” dagoela, eta horregatik erabaki dutela proiektu politikoarekin aurrera jarraitzea. “Amurrioko pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko proposamenak egiten, defendatzen eta lan egiten jarraitzea da gure motibazioa. Horretarako, datozen lau urteetarako ordezkaritza eta jarraipena izan nahi ditugu”.