Atzo 18:00etan Grabaketa dramatikoa antzezlana ikusteko aukera eman zuen Sorlasean ekimenak Kasinoan. Ikuskizuna film baten grabaketan dago girotua eta bat-batean argia joan eta gero, pertsonaia bat hilik agertzen da. Hortik aurrera, pertsonaiek asmatu behar dute zer gertatu den. Istorioak bide bitxiak lantzen ditu eta zombiak, besteak beste, ez dira falta.
Felix Mugurutza euskara teknikariak azpimarratu du ikasleak eurak izan direla antzezleak zein gidoilariak, dena euskaraz eginda. Guztira hamabi gazte aritu dira proiektuan eta euskara erabilera handitu dute euren artean egitasmoa hasi zenetik.
Salbuespen txiki bat egon da, hizkuntzari dagokionez, Grabaketa dramatikoan. Izan ere, Ukrainako gazte bat, Laudiora etorri dena bizitzera, txertatu dute proiektuan eta ukraineraz mintzatzen da ere bere pertsonaia; herrialde horretatik heldutako ikerlari fina. "Beste gazte batek itzultzen du euskarara berak esaten duena, oso modu sortzailean txertatu dute gidoian", adierazi du Mugurutzak.
Sorlasean ekimenaren bigarren edizioa izan da aurtengoa eta hurrengo ikasturtean ere espero dute antolatzea. Ikusita gazteak gogotsu geratu direla, egitasmoa maiatzera arte luzatzea baloratuko du Udalak hurrengo urtean.