“Urban Dance estiloko txapelketak oso gogorrak dira eta Motion Urban Dancek familiarragoa eta inklusiboagoa izan nahi du”

Aitor Aspuru Saez 2023ko api. 12a, 12:00

Saioa Urkijo, Iraia Gomez eta Nahia Gutierrez. / Aiaraldea.eus

SAIOA URKIJO (Laudio), IRAIA GOMEZ (Laudio) eta NAHIA GUTIERREZ (Ugao) Motion Urban Dance dantza lehiaketaren antolatzaileak dira eta apirilean getxon egingo dute edizio berria. Egitasmoaren inguruan mintzatu dira Airaldea Komunikabidearekin.

Motion Urban Dance lehiaketaren hirugarren edizioa egingo duzue, nolakoa izan da egitasmoaren bilakaera?

Saioa Urkijo: Iraiak eta biok dantza klaseak hartzen genituen, lehenik eta behin Nuria y Raquel akademian eta gero Laudio Wellnessen. Dantza urbano klaseak jaso genituen, hobetzen joan ginen eta zenbait lehiaketatan parte hartu genuen sei urtez. 

Gero, LEINN ikasketak hasi genituen eta horretan sustatzen dute proiektuetan gure zaletasunak eta ekintzailetza uztartzea. 

Ondorioz, lehenengo urtean pentsatu genuen dantzarekin egitasmo bat sortzea. Hor saiatu ginen gure lehenengo txapelketa sortzen, baina pikutara joan zen pandemiaren ondorioz. 

Iraia Gomez: Lehen asmoa zen presentziala izatea, baina pandemiaren eraginez on-line izan zen lehen edizioa. Nahiko ondo joan zen eta 1.700 ikusle izan genituen. Gero, pandemia amaitzean, presentzialaren alde egin genuen apustu eta Casilla kiroldegian antolatu genuen. 

Nolakoa izan zen lehen edizio presentziala?

Nahia Gutierrez: Zailagoa izan zen, jende ugari hartu behar zuen lokalak, dantzarako zoru ona izan... Mugitu ginen, Bilbon egin nahi genuelako. Leku publiko bat hautatu genuen, laguntza publikoa ere izateko. Bilboko Udalak babestu gintuen eta alokairua erdian utzi zigun.

Gero, Saioak eta Iraiak duten harreman sareari esker, hainbat akademiarekin hitz egin genuen. Handicap handia izan genuen, Seulen baikeunden, Hego Korean. Telefonoz antolatu genuen, sei orduko desberdintasunarekin. Lehiaketa izan baino egun gutxi lehenago heldu ginen.  Prozesu zaila izan zen, baina asko ikasi genuen. Akatsak ere egin genituen eta konpontzen saiatu gara.

I. G.: Erokeria izan zen, dei guztiak ezin genituen Koreatik egin-eta. Laguntza eskatu behar izan genuen. Ardurak banatu genituen: lokala, alde legala...

S. U.: On-line esperientzia ez dugu aipatzen maiz, oso bestelako bizipena izan baitzen. Ez du zerikusirik; burokraziaren aldetik, gehienbat. 

N. G.: Publikoa ere kudeatu behar da. 

Epaimahia nork osatu zuen?

S. U.: Bi dantzari profesionalek egin zuten. Bilbokoak biak, Emilio Otxoa eta David Alvarez, popping dantzariak, hemen oso ezagunak dira eta Eraiki Project-en parte hartzen dute, esaterako. Aurten kalitatea handitzeko apustua egin dugu, bai sarien zein epamahaiaren aldetik. Epaimahaiak nazioarteko esperientzia handiagoa dauka. Epaile bat Lohitzune Rodriguez da eta bestea Luca Rozzoni. Lohitzunek hemen egin zituen lehen urratsak, Bilboko txapelketetan. Gero 'Fama, a bailar!' saioan sartu zen eta azken edizioan parte hartu du. Ondoren, Dua Lipa, Lola Indigo edo Operacion Triunfoko artistekin egin du lan, adibidez. Akademia inportanteetan ere eman ditu klaseak. Koreografo ospetsua da Bilbon.

Luca, bere aldetik, ezaguna da, gehienbat, The Worthy taldearen koreografoa zelako. Sari garrantzitsuak eskuratu ditu Espainiako estatuan; Urban Display, esaterako, edo Switch On. Diana Matos bezalako dantzariekin ere egin du lan. Orain Valentziako eskola batean dabil klaseak ematen eta dantzari bakarlari moduan txapeldun izan da hainbat urtez. Gainera, trebatzen jarraitzen duen pertsona da. Horregatik hautatu ditugu.

“Aurtengo edizioa apirilaren 16an egingo dugu Getxoko Muxikebarri Ereaga aretoan”

Noiz da lehiaketa eta zer espero duzue?

I. G.: Aurten apirilaren 16an izango da Getxoko Muxikebarri Ereaga aretoan. Iaz 400 lagunen parte hartzea izan genuen, dantzariak eta publikoa aintzat hartuta. Aurten 600 parte hartzaile espero ditugu. 22 talde eta publikoa.

Motion Urban Dance, berez, zer da, ez dakienarentzat?

I. G.: Urban Dance diziplina gogoko dutenentzako mugimendua da, ekintzak sustatzeko horri lotuta: txapelketak, master classak... Guk sumatu dugu giro honetan lehiaketak oso gogorrak direla eta hitzordu familiarragoa sustatu nahi dugu.

S. U.: Dantza urbanoaren jatorria Hip Hopa da, eta ez da bakarrik musika, bizitza eredua eta balio batzuk baditu. Ez da bakarrik txapelketa ospetsua antolatzea, Urban Dance komunitatean Hip Hoparen balioak partekatzeko beste eredu bat garatu nahi dugu. Guztiok elkarrekin egotea, musika entzutea, dantzatzea, inor ez baztertzea, inklusiboak izatea... Hori da gure erronka. Hori guztia antolatzea dantzatu nahi duenarentzat.

Zein izan da zuen esperientzia Urban Dance estiloarekin?

I. G.: Balleta egiten hasi ginen eta horrek oinarria eman zigun gero nahi genuena egiteko. Laudio Wellnessen oso talde ona zegoen eta hortik sortu da Motion Urban Dance antolatzeko gogoa.

S. U.: Iraia eta bion asmoa ez zen dantzari onenak izatea, baina oso ondo pasatzen genuen klasean eta txapelketetan. Hori zabaldu nahi genuen, lehiatzea, gozatzea, jende profesionala ere egotea... baina edonork bere tokia izatea. Orain ezin dugu dantzatu, ez dugulako denborarik, baina hau egin dezakegu gure zaletasuna bultzatzeko. Hortik dator dena.

N. G.: Nik ez dut inoiz parte hartu txapelketa batean, ikuslea naiz eta eurekin hitz eginda piztu zait honen parte izateko gogoa. Asko gozatu dut antolatzen eta ikusten. Ikuskizun bikaina da.

Egunean bertan zein da giroa?

I. G.: Eromena. Gu saiatzen gara dena antolatzen, gutxi gorabehera. Aurkezle lanak egiten ditugu  eta jende guztia kokatuta dugu. Edonola ere, erokeria da talde guztiak mugiaraztea, baita oso dibertigarria ere. Publikoaren harrera oso ona izan da.

S. U.: Publikoaren aldetik jaso duguna izan da, gutxi gorabehera, bilatzen genuena. Topaketa familiarra izan zen eta jende ugarik elkar ezagutzen zuen, denboraldiaren erdian baikaude eta beste txapelketa batzuetan lehiatu baitira. Antolatzaileok apur bat gozatzen eta sufritzen dugu eta ikusleek eta dantzariek ondo pasatzen dute eta saiatzen dira saria eskuratzen.

N. G.: Jende nagusia zein umeak aritzen dira eta saiatzen gara dena aurreikusten eta arazoren bat agertuz gero, unean bertan konpontzen. Goizean umeak eta nerabeak lehiatzen dira eta arratsaldean helduak. Egitura horrek laguntzen digu denborak hobeto kudeatzen. Izan ere, iaz aldi berean egin genuen dena eta zailagoa izan zen. Erokeria izango da, baina kanpora begira espero dugu dena bikain joatea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide