MOHAMMED EL HAIBA

“Laudion igarotako denbora laburra izan arren, gehien hunkitu ninduen lekua da”

Allende Solaun Boada 2023ko api. 10a, 07:00

Mohammed El Haibak zamaketari lanak egiten ditu Belgikan. / Aiaraldea.eus

MOHAMMED EL HAIBA Saharako Bir Zaran errefuxiatuen kanpalekuan jaio zen. Gaztetan Laudion bizi izan zen urte luzez. Orain Belgikan bizi da bere familiarekin batera.

Laudiotik Belgikara bizitzera joan zinen duela 10 urte baino gehiago. Nola aldatu da zure bizitza denbora honetan? Zertan ari zara orain? 

Egia esan, asko. Nire bizitza heldua hemen izan da. Kanpamenduekin zein Laudioko haurtzaroarekin alderatuta, alde handia dago. Bai hemengo pentsamoldeagatik eta baita jendea nolakoa den ere bai.

Zein zentzutan uste duzu bereizten direla gure bizimoduak? 

Oso desberdinak dira. Esaterako, Euskal Herrikoa beroagoa eta familiarragoa da, nire ustez. Laudio bezalako herri batean mundu guztia ezagutzen duzu eta bertakoa sentitzen zara. Hemen, jendea, belgikarra edo flandestarra izan arren, ez du komunitate-zentzu handirik, ezta familia-zentzurik ere.

Belgikara joan zinenean ikaslea zinen oraindik. Oso desberdina iruditu zitzaizun leku batetik besterako aldaketa? 

Bai, hizkuntzaz gain, eskola-sistema ere ezberdina da. Adibidez, DBHko 1. mailatik aukeratu behar duzu zer egin nahi duzun etorkizunean, zer karrera edo lanbide-heziketa gradu egin nahi duzun. Hasieratik aukeratu behar baduzu, oso zaila da. Nik esango nuke irakasleek aukeratzen dutela zugatik, noten eta hizkuntza-mailaren arabera. Pena da hori, egia esan. 

Zamaketaria zara portuan. Nolakoak dira lan baldintzak?

Ezberdinak dira, hemen gehiago lan egiten delako sindikatuekin. Dena mugitzen da sindikatuarekin, dena. Haiek dira portuan onartzen zaituztenak eta tramite guztiak egiten dizkizutenak. Lan giroari dagokionez, hemengo jendea Euskal Herrikoa bezalakoa da,  oso langileak, baina hemen lan asko egiten dute. Batzuek zazpitik sei egun. Ez dute gozatzen. Lan egin ondoren, ez dute inoiz lankideekin zerbait hartuko, eta zuzenean etxera joango diren eta hor ere lan egin. Denek dute etxebizitzak erosteko pentsamoldea. Lanaren kultura da.

Iaz Laudiora itzuli zinenean, oso aldatuta ikusi zenuen?

Egia esan, ez nuen aldaketa handirik ikusi, eta zentzu batean pena da. Egia da zure herria denean, hainbesteko aldaketarik ikustea ez zaizula axola. Erosoa da berdin berdin egotea, baina ez dakit positiboa edo negatiboa den.

Zure haurtzaroa errefuxiatuen kanpamenduekin ere lotuta dago, inoiz itzuli zara?

Bai, askotan itzuli naiz; familia, amona eta izebak ditudalako. Beti itzultzen naiz, ahal dudan guztietan. Pena ematen dit, ez bainaiz bertara itzultzeaz pzotu behar, azken finean errefuxiatuen kanpamentu bat delako, baina hor barruan dagoen jendea nire familia da. Kontrako sentimenduak dira. Tristatzen nau, kanpalekuak direlako eta herrialderik ez dudalako; eta, aldi berean, nire familia hor dagoenez, badu bere alde beroa ere. Hala ere, Laudion igarotako ibilbidea laburra izan arren, konturatu naiz gehien hunkitu ninduen lekua dela, hor bizi bainuen haurtzaroa. 

Beharbada aspaldi ikusten ez duzun jendeak elkarrizketa irakurriko du. Zeozer gehitu nahiko zenuke? 

Bai, azken gauza bat esan nahiko nuke. Euskaraz hitz egiten duen jendea kzaindu egin behar duela hizkuntza. Oso garrantzitsua da, ez euskaldunentzat bakarrik, baizik eta orokorrean jende askorentzat. Euskaraz entzutea faltan bota izan dut hemen Belgikan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide