Ertzaintzak martxoan zabaldu zuen 2022ko delinkuentzia memoria. Txosten horren barruan Aiaraldeko udalerri bakarraren datuak azaldu ditu xehetasunez; Laudiokoak. Izan ere, eskualdeko herri horri baino ez da heltzen 15.000 biztanlera. "Herri txikiagoen datuak ez zabaltzeko agindu digute", azaldu zion Euskal Poliziaren informazio zerbitzuak Aiaraldea Komunikabideari.
Gauzak horrela, txostenak 2019tik 2022ra bitarteko datuak jasotzen ditu, 2020koak aintzat hartu gabe, egoera pandemikoaren ondorioz. Ertzaintzaren zein udaltzaingoen informazioa barnebiltzen du dokumentuak.
Poliziak ondorioztatutako joera nagusia da Internet bidezko delituak izan direla gehien biderkatu direnak eta Laudion ere horren isla jasotzen da Iruzurra atalean. 2019an 40 iruzur salatu ziren eta 2022an, aldiz, 168.
Gainerako delituen artean, indarra erabilita egindako lapurretek ere gora egin dute, baina soilik etxebizitzetan eta erantsitako geletan, eta ez saltokietan.
Lesioen delituek ere hazkundea islatu dute eta baita familia barruko ohiko tratu txarrek ere. Edonola ere, sexu askatasunaren kontrako delituen salaketek behera egin dute, nahiz eta gutxi izan.
Gainerako udalerrien datuak ere plazaratu ditu Ertzaintzak, baina bakarrik kopuru orokorrei dagokienez, hau da, euren tipologia sailkatu gabe. Herri guztietan joera ez da goranzkoa izan, eta, esaterako, Aiaran, Okondon, Arakaldon eta Arrankudiaga-Zollon aurreko urtean baino arau-hauste gutxiago gertatu ziren 2022an.