Gaurdanik larunbatera arte luzatuko da Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren II. edizioa. Egitasmoaren buruak dira Kepa Sojo eta Sonia Pacios eta gaur hasiko da ekimena 19:30ean, sari banaketarekin amaitzeko larunbatean.
Hiru sail
Ekimenak hiru sail hartzen ditu. Alde batetik, ofiziala. Horretan 30 film lehiatuko dira, Esti Urresola laudioarraren Cuerdas, besteak beste. Asteazkenean ikusi ahalko da pelikula hori.
Ez dira faltako zuzendari zein antzezle ezagunak hautatuen artean (30 lan hautatu dituzte bidalitako 1.127 pelikulen artean): Eneko Sagardoy, Patxi Bisquert, Ingrid Garcia Johnsson, Patricia López Arnaiz, Kandido Uranga...
Horrez gain, Eusko-Araba atala ere egongo da eta euskal filmak lehiatuko dira bertan. Hain zuzen, euskaraz egindako pelikularik onenak ere jasoko du saria.
Azkenik, nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan irabazi duten filmak ere proiektatuko dituzte: Oscar eta BAFTA sarietan aitortutakoak, Cannes edo Veneziako zinemaldietan...
17:00etan eta 19:30ean izango dira emanaldiak, Vital Fundazioko Kulturunean.
Jarduera gehiago
Horrez gain, jaialdiak zenbait balio sustatu nahi ditu; berdintasuna, jasangarritasuna... Eta bestelako ekitaldiak ere antolatu ditu horretarako.
Hori dela eta, "egitarau paraleloa" antolatu dutela azaldu dio Kepa Sojok Aiaraldea Komunikabideari. Bi epaimahaik sormenari lotutako hitzaldiak eskainiko dituzte, esaterako, eta, ostegunean (H)EMEN euskal emakume zinemagileen elkartea aurkeztuko dute, baita tokiko emakumezko zinemagileei buruzko liburua ere.