Implika enpresa ez da oso ezaguna Aiaraldean. Non dago eta zertan aritzen da?
Egoitza nagusia Bilbon dago, baina Espainiako Estatuan beste hainbat bulego daude. Madrilen, adibidez, bi zeuden, eta horietako bat itxi egin dute dagoeneko. Bartzelonan, Valladoliden edota Andaluzian ere du presentzia. Hezkuntza ez-arautua eskaintzen du, ikastaroen eta lanbide heziketaren bidez. Aiaraldeko hiru pertsona gaude Bilboko egoitzan lanean.
Greba mugagabean zaudete enpresak ezarri duen Enplegua Erregulatzeko Espedientearen aurka.
Bai. Espainiako Estatuan guztira 130 pertsona kaleratu nahi dituzte, gehienak Bilbon. Bilboko 87 langilek gaur -apirilak 17- jaso dugu kaleratze gutuna. Lanean zeudenei eskuz eman diete eta greban gaudenoi email eta burofax bidez jakinarazi digute.
Hasieran 100 zineten Bilboko egoitzatik kaleratutakoak.
Bai, baina badirudi azkenean ez garela 100 izango, 87 baizik. Kaleratuen zerrenda bat aurkeztu zuten, baina ez dago oso zehaztuta. Jada enpresan ez dauden hainbat pertsona agertzen dira bertan, adibidez. Ez dut uste hori oso normala denik.
“Uste dugu enpresa-erabaki bat izan dela, kostuak merketu eta irabaziak handitzeko”
Zer argudiatu du enpresak kaleratzeak justifikatzeko?
Antolakuntzari eta ekoizpenari lotutako kausak argudiatu dituzte, baina ez dute ezer frogatu. Txostenean kontsumo ohiturak baino ez dira aipatzen argudio moduan. Educa Bidco taldeak erosi zuen Implika iazko udan, eta argudiatzen dute jada ez dituztela departamentu batzuk behar.
Hasieran esan ziguten denak berdin jarraituko zuela, baina azaroan gure orain arteko CEOa (Zigor Maritxalar) kaleratu zuten eta eurek hartu zuten kontrola. Abenduan jada ikusten genuen gauzak asko aldatzen ari zirela.
336 langile gara guztira Espainiako Estatuan, eta Bilbon 130 gara.
Hau da, Bilbon egingo dituzte kaleratze gehienak.
Hori da. Bilbon zerbitzu zentralak eskaintzen ditugu, eta hori da kendu nahi dutena. Zeregin horiek bere gain hartu ditu taldeak eta beste enpresa batzuetara bideratu du lana. Azaroan kendu zizkiguten funtzio gehienak.
Kaleratzerik ez egotea eta Enplegua Erregulatzeko Espedientea kentzea eskatzen dugu, bidegabea eta justifikaziorik gabekoa delako. Ez digute ezer azaldu. Uste dugu enpresa-erabaki bat izan dela, kostuak merketu eta irabaziak handitzeko.
Mobilizazio ugari ere egin dituzue.
Bai, egunero egiten ditugu elkarreratzeak eta manifestazioak gure egoitzen aurrean, eta baita MasterD-ren bulegoen aurrean ere, talde bereko beste enpresa bat delako.
Zer nolako jarraipena izaten ari da greba?
%60koa gutxi gora behera, baina greba egiten gauden gehienak ikasleei zerbitzua ematen diegunak gara. Horregatik, min handia egin diogu enpresari. Greba kentzea eskatu digute “bake soziala” egon dadin, baina Enplegua Erregulatzeko Espedientea kendu ezean guk ez dugu greba utziko.
Kaleratze gutunak jaso berri dituzue. Nola zaudete animo aldetik? Nola ikusten dituzue hurrengo asteak?
Gu grebarekin eta mobilizazioekin jarraituko dugu. Jendea animoekin dago, borrokatzeko gogo askorekin. Ez digute ezer justifikatu. Frogak eskatu ditugu eta ez ditugu eman. Horregatik, borrokan jarraituko dugu.