Hanka ugariko proiektu transmedia da Hau ez da gerra bat. Piszifaktoriako kideek formatu desberdinak erabili dituzte bikote haustura bat eta gerra bat alderatzen dituen istorioa kontatzeko. Ikuskizunaren estreinaldia maiatzaren 10ean Gasteizko Printzipal aretoan izango bada ere, aurretik proiektuaren beste adar batzuetaz gozatzeko aukera egongo da.
Lehena, edonork Interneterako konexioarekin egin dezakeena: http://hauezdagerrabat.eus/ atarian sartu eta bertan eskegi duten audiofikzioa entzutea. Bertan, istorioaren protagonista diren Lei, Zan eta Magentaren ahotsak ezagutuko ditu entzuleak.
Bigarrena, Hau ez da gerra bat antzezlanerako Igor Arzuagak diseinatutako soinu banda jasotzen duen biniloa eskuratzea. Horretarako aukera bihar bertan izango dute Gasteizko Hibridalab aretora gerturatzen direnek.
Izan ere, antzezlan handiaren hitzaurre gisa aurkeztu duten Bunker aurkeztuko dute bertan, 20:00etan. Mikel Ayllon zuzendariak argitu du gidoi propioa duen saioa dela, Hau ez da gerra bat antzezlanaren osagarri. Hiru pertsonaiek kontatuko dute antzezlan nagusian ikusiko dugun istorioaren aurretik gertatu zitzaiena, Igor Arzuagaren zuzeneko musikaz lagunduta. Hau bai, formatu txikikoa izango da. Sarrera doakoa da baina aurretik gonbidapena eskuratu beharra dago Eventbrite atarian. Ikusleak bunker batean sartuko dira, “bakoitzak nahi duen tokian eta ahal duen moduan”. Zuzendariak azaldu du asmoa dela Bunker behin bakarrik ematea, esperimentu gisa, baina ez dizkio ateak itxi beste inoiz errepikatzeari.
Horiek guztiak istoriora gerturatzeko bide desberdinak dira. Ayllonen ustetan, gero eta zailagoa da jendea aretoetara gerturatzea, eta horregatik osatu dute hainbeste hankadun proiektua, bide ezberdinetatik ikusleak erakartzeko.
"Hau ez da gerra bat Piszifaktoria Laborategiak inoiz egin duen proiektu handiena da. Oso polita izaten ari da hau guztia sortzea", adierazi du Mikel Ayllon zuzendariak
Azaldu duenez, Hau ez da gerra bat Piszifaktoria Laborategiak inoiz egin duen proiektu handiena da. “Oso formatu handikoa” dela aitortu du, hain handia, ezen ez den Euskal Herriko antzoki askotan kabitzen. Gasteizko Printzipal aretoak hartuko ditu lehen aldiz maiatzaren 10ean, estreinaldian. Dagoeneko sarrerak eskuratu daitezke antzokiaren webgunean eta zuzendariak azaldutakoaren arabera, oraindik prentsaurreko ofizialik egin gabe eta inolako promoziorik gabe hainbat sarrera saldu dituzte.
Hurrengo emanaldien datak lotzen ari dira oraindik, baina uda osterako izango direla aurreratu du Ayllonek. Esaterako, abenduan Amurrio Antzokira gerturatuko direla aurreratu du. Hori baino lehen, udazkenean Euskararen Etxeak antolatutako Hi(ZKI)bridoak kultur zikloaren baitan erakusteko aukera izango dute, saria irabazi baitzuten iazko abenduan. Hori formatuko txikiko “beste hanka bat” izango dela jakinarazi du Mikel Ayllonek.
Egindako lana aurkezteko gogotsu
Proiektuan jende asko inplikatu dela azaldu du zuzendariak. Bai aktoreak, musikaria eta talde teknikoa “oso gustura” aritu direla adierazi du, eta egindako lana aurkezteko gogotsu daude denak. “Oso polita izaten ari da hau guztia sortzea”, adierazi du Ayllonek.