Nola iritsi zinen Argentinatik Laudiora?
Duela urtebete Bartzelonara etorri nintzen oporretan nire nebarekin, asko gustatu zitzaigun bertako bizimodua eta geratzea erabaki genuen. Nik, Argentinako lana mantendu nuen, laborategi berdinarentzako lan eginez. Biomedikuntza ingeniaria naiz, eta ospitalez ospitale egiten dut lan, ebakuntzetan laguntzen, taupada-markagailuak programatzen.2022ko azaroan Espainiako Estatuko iparraldeko ospitaletan lan egitera lekuladatu ninduen laborategiak. Nik ezagun bat neukan Laudion, Patxi. Segituan jarri nintzen berarekin harremanetan eta alokatzeko etxe bat topatu zigun nebari eta bioi.
Abestea da zure zaletasuna, eta Laudiora iritsi zinenetik Bi Hotsak abesbatzako kidea zara. Nola hurbildu zinen taldera?
Patxi nire salbatzailea izan zen zentzu guztietan. Bi Hotsakeko kidea da, eta berak aurkeztu zidan taldea. Asko gustatzen zait abestea, eta talde batean kantatzeko premia nuen. Izan ere, Argentinatik etorri nintzenetik ez nintzen kantuan aritu.Beatriz Zurimendi abesbatzako zuzendaria aurkeztu zidan, eta entsegu batera joan nintzen, taldea eta giroa ezagutzeko. Geroztik, taldeko kide bat gehiago naiz.
Gustura zaude abesbatzan?
Oso gustora! Jende izugarria ezagutu dut. Astean birritan egiten ditugu entseguak, eta otorduetan ere elkartzen gara. Oso lagungarria izan zait
Bihotsak Abesbatza Laudio eta laudioarrak ezagutzeko. Datorren apirilaren 22an kontzertua eskainiko dugu, eta nik bakarlari gisa arituko naiz. Oso emozionatuta nago horrekin.
Bi Hotsak abesbatzaren errepertoriko hainbat abesti euskaraz dira. Oso hizkuntza ederra iruditu zait euskara. Aurretik ez nuen ezagutzen.
Gutxika ohitzen noa, hitz eta abesti berriak ikasten. Abesbatzako kideek asko lagundu naute abestien esanahia ulertzen, asko gustatzen zait.
Argentinan ere aritzen zinen kantuan?
Bai, Argentina Gospel Choir izeneko talde batean aritzen nintzen. Talde handia zen, 150 abeslarirekin. Horrez gain, blues eta rock taldeetan ere aritu naiz kantuan.
Pentsatu duzu Euskal Herrian musika taldea osatzea?
Egoitz Uriarte musikari laudioarrarekin elkartu niaz proiektu bat garatzeko asmoz. Momentuz hastapenetan gaude, elkar nola ulertzen dugun ikusten. Baina nik uste sortuko dugula zerbait.
Zer iritzi duzu Laudioren inguruan?
Asko gustatzen zait herria, bereziki kalean dagoen giroa: ekitaldiak, azokak, kontzertuak… Argentinan ez dira horrelakoak ikusten kalean. Eguneroko bizitza ez da erraza Argentinan, segurtasun falta handia dago eta egoera ekonomikoa oso konplikatua da.
Inguruan mendiak eta natura izatea ere asko gustatzen zait. Ni Buenos Airesekoa naiz, eta mendiren bat ikusteko 800 kilometro bidaiatu behar ditut han. Hemen edonora begiratuta ikusten duzu mendiren bat.
Zer duzu faltan Argentinatik?
Haragi errea egitea gustatuko litzaidake. Prest dut barbakoa etxeko terrazan, baina beldur naiz auzokideak ez ote diren kexatuko. Argentinarra naiz, ezin diot haragi erreari uko egin (barreak).