Berlinalen, Malagan eta Hong Kongen sari sorta eskuratu ondoren, gaur helduko da zinemetara 20.000 especies de abejas.
Esti Urresolaren lehen film luzea 5 urteko lan gogorraren emaitza da, eta kritikarien aitortza jaso ostean, ikusleen babesa ere behar du, zuzendariak proiektu berriekin jarraitzeko aukera izan dezan.
Edonola ere, argudio nagusia sarrera erosteko ez da hori, baizik eta pelikula bikaina dela, zalantza izpirik gabe. Ez da, jakina Marvelen filma; ez duzue eztanda, superheroirik eta akzio pasarterik ikusiko. Izan ere, Urresolaren filma beste zinema mota bat da; errealitatean oinarritua, airea hartzen duena eszenen artean, eta gure inguruan -edota gure familietan bertan- topatu ditzazkegun gatazkak islatzen dituena.
Pelikula ezin da mugatu adingabe transexual baten esperientzietara, bere inguruan dauden helduak ere nortasun krisialdien erdian baitaude
Oihartzun handia lortu ostean, ez da sekretua ume transexual bat eta bere sentimenduak azaleratzeko prozesua direla protagonistak. Horretarako, Esti Urresolak Naizen-en (adingabe transexualen elkartearen) laguntza izan zuen, eta hainbat familiarekin hitz egin zuen gidoia prestatzeko. Horrela, azpimarragarria da istorioaren naturaltasuna, eta zuzendariaren lerrokatze argia, 'Trans Legeak' deiturikoak ezker-eskuin transfobia olatua sortu ondoren.
Hala ere, pelikula osoa trama horretara mugatzea sakontasun handia kentzea litzateke. Izan ere, Aitor/Coco/Luciaren identitate gatazka bere inguruko helduen nortasun krisialdien erdian gertatzen da. Bere amak, aitak, amamak, izekok... ere hil ala biziko borroka dute euren baitan; helduek ere, nahiz eta adingabeen eskumena izan, badituztelako euren zalantzak, iraganeko mamuak edota zor emozionalak; eta ikuslea erraz identifikatuko da horiekin.
Antzezle ororen lanak ahalbidetzen du hori, eta ez da harritzekoa horrenbeste sari jaso izana. Guztiak daude sasoian, eta euren naturaltasunak mantentzen du istorioaren sinisgarritasuna etengabe.
Antzezle ororen lana bikaina da, baina Esti Urresolak zinemaren alde guztiak zaindu ditu: irudia, argia, musika, soinua...
Horrez gain, Esti Urresolak zazpigarren artearen elementu guztiak zaindu ditu: argia, soinua, musika... eta lan horren fruitua distiratsua da erabat.
Laudioarrek eta aiaraldearrek, gainera, pizgarri gehigarria izango dute aurrean, Laudioko zenbait toki agertzen baitira filmean, bereziki, Gardea auzoa, baina baita beste kokapen batzuk. Finean, hainbat aldiz ikusi dituzten lekuak beste modu batean begiratzeko parada izango dute.
Azkenik, ezinezkoa da ez goraipatzea pelikulak euskarari tartea egiten diola, eta horri esker gure hizkuntzak Europa eta Asia konkistatu dituela jadanik.
Horregatik guztiagatik, 20.000 especies de abejas erabat gozagarria delako, eta Estiren bizitza apustua babesteko aukera ematen duelako zinema sarrerak, anima zaitezte aretoetara joaten. Izan ere, laudioarrak naturaltasun osoz lortu duena historikoa izaten ari da, eta 'mirari' txiki honen parte izatea eskura daukagu.