Tubacexek 10 milioi euroko irabaziak lortu ditu aurtengo lehen hiruhilekoan, epe horretan inoiz erdietsi duen emaitza onena

Jone Gartzia Gerra 2023ko api. 21a, 13:00

Bere historiako hiruhileko-emaitza ekonomiko onenak lortu ditu Tubacexek.

Laudioko enpresa hodigileak urtarriletik martxora bitarteko emaitza ekonomikoak aurkeztu ditu gaur. Horien arabera, iazko epe berarekin alderatuta, %46,9 igo dira bere salmentak. Irabaziak, aldiz, %196. Saudi Arabian, Arabiar Emirerri Batuetan eta Norvegian inbertitu ditu horietako 8,5 milioi euro.

Gaur aurkeztu ditu Tubacexek 2023ko lehen hiruhilabeteko emaitzak. Enpresaren arabera, inoizko hiruhilabeterik onena izan da, Zehazki, salmentetan 232,2 milioi euro lortu ditu Tubacexek 2023ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartean; %46,9 gehiago iazko tarte berarekin alderatuta. Hori irabazietara eramanda, ordea, hazkundea are handiagoa da: 2022ko lehen hiruhilekoan 3,4 milioi lortu zituen enpresak. Aurten, aldiz, 10 milioi euro (%196,3 gehiago).

Era berean, 1.650 milioi euroko eskaera-zorroa duela adierazi du multinazionalak eta, horri esker, urte oparoa izango duela eta egungo Plan Estrategikoa beteko duela aurreikusten du enpresak. Horren arabera, emaitzak “konpainiaren produktuen mix onari esker” lortu dira, “baita azken urteetan kostuak doitzeko egindako ahaleginei esker ere, oraindik indarrean dagoen inflazio-testuingurua nabarmen konpentsatzea ahalbidetu baitu”. Izan ere, Tubacex taldeko lantegi guztietan lortu dute errentagarritasun positiboa, oharrean azaldu dutenez.

Inbertsioak

Hiruhileko honetan lortutako irabazien zati bat Saudi Arabian eta Norvegian partaidetzak erosteko eta Abu Dhabiko (Arabiar Emirerri Batuak) planta berrian inbertsioak hasteko erabili ditu Tubacexek (guztira, 8,5 milioi euro). Horrela, finantza-zor garbia 2022ko urte amaieraren antzeko maila berean mantenduko du enpresak (0,7 milioi euro beherago, zehazki), eta EBITDAren (irabaziak interes, zerga, balio-galera eta amortizazioen aurretik) gaineko finantza-zor garbiaren ratioa x2,8-ra murriztu du, “konpainiak 2025erako ezarritako helburu estrategikoa betetzea aurreratuz”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide