Ostegunean Altzarrate Kirol Elkarteko presidentea den Iñigo Egigurenek hitza hartu zuen Espainiako Senatuan. Hain zuzen, Kultura eta Kirol Batzordearen aurrean egin zuen, oinarrizko eta emakumezkoen kirolari buruzko ponentzian.
Presidenteaz gain, Angela Vadillo eta Irune Egiguren entrenatzaileak ere joan ziren Madrilera eta 11:00etan heldu zen euren txanda. Berez, Egigurenek azaldu zuen zergatik sortu zuen Altzarrate Kirol Elkartea. Vadillok adierazi moduan, egungo presidentea kirol zuzendariaren ikastaroa egiten ari zen eta ikusi zuen emakumezkoen futbolak ez zuela arreta maila bera jasotzen. Horregatik erabaki zuen emakumezkoen proiektua abiatzea bere kabuz.
Horrela, lehen urtean bi talde eta 38 jokalari ziren. Orain, ordea, lau dira taldeak eta 90 futbolariak.
Altzarrateren eginkizuna ponentzian izan zen mahai gainean jartzea nolakoa den emakumezko klub baten errealitatea herri txiki batean. Zentzu horretan, Egigurenek azpimarratu zuen federazioko fitxak eta, bereziki, garraio gastuak oso handiak direla eta eskatu zien alderdiei bitartekoak eta laguntzak bideratzea oinarrizko futbolera.
Laudioko klubak Almudena Otaola senatari jeltzalearen gonbidapenaren bitartez parte hartu zuen Senatuan.