AGERRALDIA

'TeknoBerri' aurkeztu du EH Bilduk, industria zoruei oinarri berriak jarri eta "Areta biziberritzeko" proiektua

Izar Mendiguren Cosgaya 2023ko api. 27a, 16:53

Lipmesa aurrean eskaini du EH Bilduk agerraldia. / EH Bildu Araba

Agerraldia egin dute gaur goizean EH Bilduko Ainize Gastaka alkategaiak eta Eva Lopez de Arroyabe Foru Aldundikorako EH Bilduren hautagaiak. Lipmesa fabrika ohian kokatuko dute egitasmoaren zati handiena.

"Lurzoru industrialak berreskuratzea eta aisialdirako eta etxebizitzareko espazio berriak sortzea". Hori izango du helburu, besteak beste, EH Bilduk, gaur goizeko prentsaurrean azaldu dutenez. Ainize Gastaka Laudioko EH Bilduko alkateagaiak eta Eva Lopez de Arroyabe Foru Aldundiko hautagaiak hartu dute hitza Aretan, Lipmesa fabrikaren aurrean. Izan ere, bertan kokatu nahi dute egitasmoaren zati handi bat: "Asmo handiko plana da. Lipmesa enpresaren pabilioi zahar abandonatuetan eta trenbideko pasagunearen zein Altzarrateko zubiaren artean dagoen espazioetan okatuko da".

'TeknoBerri' izena jarri diote proiektuari, eta 4,2 hektareako espazioa bideratu nahi dute horretara. Modu horretan nahi dute industria zoruak berrreskuratzea eta gazteak Aretara eta Laudiora erakartzea, "baita ibai pasealekua berreskuratzea ere, eko-bulebar baten parte bihurtuz".

Ainize Gastakaren hitzetan, proiektu aintzindaria izango litzateke TeknoBerri, "Europako erresilentzia planei begira interes handikoa". Proposamenak 4 maila ditu. Lipmesan 1.700 m2 adimen artifizialari, teknologia berriei eta errobotikari bideratu nahi dizkiote; prestakuntza zentroa jarrita. "Gainera, enpresa hazitegia ere izango du", erantsi du Gastakak. Horrez gain, aisialdirako, kulturarako eta sozializaziorako espazioak sortzea proposatu dute, "proiektu ekonomikoen eta lurraldearen arteko lotura errazteko". Espazioei dagokienean, gune zabalak eta anitzak izatea planteatu du laudioarrak. "Areta parean Nerbioi ibaiaren erribera berreskuratuko du proiektuak, natur espazioak hedatuz eta uholdeen aurrean erantzuna hobetuz. Ekonomia suspertzeko proiektua da, ehunka pertsona bizitzeko modu berri baterantz erakartzeko eta osagai komunitario eta kohesio sozial handiagoarekin lan egiteko aukera ematen duena":

Eva Lopez de Arroyabek, bestalde, Arabako 88 industriagune biziberritzeko planaren beharra mahaigaineratu du: "Lurzoru industrial asko ditugu eta berraktibatu eta berrantolatu egin behar dugu". Horren adibidetzat jo dute Lipmesa bera, eta Aiaraldeko ekonomiaren indarguneak ere izan ditu gogoan: beiragintza, abeltzaintza, tutu industria...

Natxo Urkixo Aiaraldeko Batzar Nagusietarako EH Bilduko zerrendaburuak ere hartu du parte prentsaurrekoan. Ildo beretik, Aiaraldea suspertzeko Eusko Legebiltzarrean sustatutako ponentzian koalizio abertzaleak eginiko lana nabarmendu dute, "26 milioi euroko inbertsioak ekarri baititu Aiaraldera, epe ertainerako plan estrategikoa egiteaz gain".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide