PEPE BARBEITO

“Módulos taldearekin New Yorken eta Miamin egin genuen bira Grammy latindarrentzat”

Aitor Aspuru Saez 2023ko mai. 6a, 08:00
Pepe Barbieto Cosecha del 48 elkartearen urteurren festan. / Aiaraldea.eus

PEPE BARBEITOk (Laudio) Módulos taldearekin jo zuen Cosecha del 48 elkartearen 25. urteurrenean. Oraingo jendearentzat ezezagunak badira ere, bandak sekulako arrakasta izan zuen 1970ko hamarkadan. 

Nor da Pepe Barbeito?

Laudiokoa naiz eta nire musika ibilbidea Los Yumas taldearekin hasi nuen. Nahiko ezagunak egin ginen hemen eta gero Tabascorekin ere jo nuen. Mallorcan eta estatu osoan egon ginen kontzertuak eskaintzen eta azkenean Módulosen taldeko kide izaten bukatu dut. Talde hori ikonoa izan zen pop eta rock sinfonikoaren generoan. Jatorrizko abeslaria Pepe Robles izan zen eta nik hartu dut bere tokia geroago. 

Módulosekin bira egin genuen 2006an Ameriketako Estatu Batuetatik Alexis Valdesen bidez. Berak Euskadin lan egin izan zuen, telebistan zein irratian.

Pandemiaren ondorioz etenaldia egin genuen taldean, baina berriro hartu dugu bidea.

Zein izan zen Los Yumasen historia?

1969an sortu genuen eta hurrengo urtean Mallorcara joan ginen uda osoan. Lau urtez jo genuela uste dut, oso oker ez banabil. Horren ondoren beste talde bat egin nuen, Tabasco. Bilboko musikariekin egin nuen eta oso onak ziren. Tabascorekin ere estatuko birak egin genituen, baita Mallorcan ere; harik eta 1977an zerbitzu militarra egitera joan ginen arte. 

Talde eta musikari askoren ibilbideak eten zituen zerbitzu militarrak. Bandek ez zuten aukerari, egokitu eta moldatu behar ziren zerbitzu militarraren arabera.

Behin zerbitzu militarra bukatuta, Suediara joan nintzen. Han egon nintzen hamar urtez bizitzen.

Suedian musikaren munduan murgildu zinen ere?

Bai, baina gehienbat telekomunikazio ingeniaritza ikasi nuen han. Asteburuetan talde suediar batekin jotzen nuen, baina profesionalki nire lana aholkularitza enpresa batean aritzea zen. Musika zaletasuna bihurtu zen, ez beharra.

Noiz sartu zinen Módulos taldean?

Fernando Beti Bilboko bateriajolearekin sartu nintzen, hain zuzen, Agustin Ferrerorekin eta beste baxujole batekin. 2004an izan zen. Proposatu zuten taldea berriro osatzea eta horren ostean joan ginen Estatu Batuetako bira egitera. 

Han esperientzia bikaina izan zen. Maiatzean jo genuen hara eta Alexis Valdesekin agertu ginen telebistan. Gero Macarena aretoan jo genuen eta urrian itzultzera gonbidatu gintuzten. Grammy latindarrentzako bira egin genuen New Yorken eta Miamin. Bira borobila izan zen, finean.

“Une horretan zegoen mailarik gorenean egon ginen. Uneko izen handienekin jo genuen: Mike Kennedy, Maritrini, Bravos...”

Atzera begira, Los Yumasekin hasi zinenean 1969an, nolakoa zen musika giroa Aiaraldean? Ez zegoen ez rock ez pop talderik, ezta?

Uste dut ezetz. Soinu bikaina zuten taldeak entzuten ziren. Mallorcara eraman gintuztenean talde onenekin egin genuen topo. Mallorcan eta Torremolinosen jotzen zuten. Baita Madrilen eta Bartzelonan ere. Ikusgarria zen, mundu osoko jendea elkartzen zen. Adibidez, Mallorcako Gomila plazan areto enblematikoak zeuden: Tito´s, Barbarella...

Mundu osoko taldeak etortzen ziren eta horrek bidea ireki zigun. Profesionalak izan ginen eta une horretan zegoen mailarik gorenean egon ginen. Uneko izen handienekin jo genuen: Mike Kennedy, Maritrini, Bravos...

Hona begira, Euskadiko talderik arrakastatsuena Mitos zen. Hego Amerikan ere jarraitzaile pilo zuten. Hala ere, ez ziren eskualdekoak, Bilbokoak baizik. Horrez gain, bazeuden Mocedades, Sergio y Estibaliz, Quinta Reserva... Sekulako arrakasta izan zuten estatuan zein Amerikan.

Nolakoa da atzera begiratzea orain oholtzatik eta hori guztia gogoratzea?

Oroitzapen zoragarriak ditut, baina orain zaletasun hutsagatik jotzen dut. Oso pozik nago. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide