Envases enpresa laudioarrak 75 urte beteko ditu aurten eta jabeek efemeridea baliatu dute konpainiako langileekin batera ospatzeko. Aipatu beharra dago Envasesek 100 behargin baino gehiago dituela.
Gauzak horrela, urteurrenaren ospakizuna bi egunetan banatu dute. Maiatzaren 6an orain beharrean ari diren langileekin ospatuko dute urtemuga eta bazkaria, bideo baten proiekzioa eta DJ emanaldia izango dituzte Anuntzibai jatetxean.
Jadanik erretiroa hartu dutenentzat jai eguna maiatzaren 26an izango da. Enpresak mezu baten bidez adierazi die proiektuaren garapenean egindako ekarpena aitortu nahi diela. Aktibo ez daudenentzako bisita gidatua egingo dute 10:45ean lantegian eta 12:15ean Anuntzibaiko jatetxera abiatuko dira autobusez. 13:00etan koktela eskainiko diete langile ohiei eta 14:30ean Laudiora itzuliko da autobusa; Institutuan izango du geltokia.