Debut gazi-gozoa izan zuen apirilaren 21ean eta 22an Eneko Banderasek Espainiako Kopan. Aurten maila igo eta puntako gidariekin lehiatu behar da laudioarra, baina ez du prestaketa egokiena egiteko tarterik. Alde batetik, lesio bat agertu zitzaion lepoan denboraldia hasi baino lehen eta horrek zaildu dio entrenamenduak egitea eta abiadura biziagoan gidatzea. Bestalde, entrenamendu saio batean erori eta 2. eta 3. graduko erredurak izan zituen.
Maila aldaketa
Hala ere, aurrekariak ez ziren oztopo izan Valentziara bertaratzeko apirilaren 21ean Espainiako Kopan lehiatzeko. Lehen eguneko lasterketan Banderasek nabaritu zuen maila aldaketa. Hain zuzen, laudioarrak ikusi zuen bere aurkariak abiadura handiagotan mugitzen zirela zirkuituan eta, bere ustez, entrenamendu faltaren emaitza izan zen desoreka.
Edonola ere, larunbateko lasterketan Banderasek bere markak hobetu zituen eta abiadura aregotu zuen aurreko egunarekin alderatuta. Zehazki, 36 gidarien artean 18. kokatu zen sailkapenean.
Aintzat hartu beharra dago laudioarrak berak aitortzen duela aurten maila askoz lehiakorragoa dela eta Espainiako Kopan ez duela errepikatuko iaz XZ Cupen lortutako garaipena.
Baikor
Gauzak horrela, Banderasen xedea da 15. postuan amaitzea denboraldia. Ondorioz, larunbatean bere helburutik gertu geratu zen, eta pozik, gainera, baina igandean ezin izan zuen proban parte hartu, motorrak matxura izan baitzuen eta mekanikoek ez zuten izan aukera makina konpontzeko.
Dena den, laudioarra alde positiboarekin geratu da, eta nahiz eta xedea ez bete, bere buruari erakutsi dio abiadura bizian gidatzeko gai dela.