Omniako kideak oso pozik azaldu dira asteburuan plazaratu zuten bideoak izan duen harrerarekin, “12 urteko historian” gertatu zaien “gauzarik politenetako bat” dela iritzita.
Laudioko merkatari eta ostalariei babesa helaraztea izan da ikus-entzunezkoaren xedea, Laudioko alderdiko kideek azaldu dutenez. “Duela lau urte egin nahi izan genuen. Baina orain, pandemiarekin eta krisi ekonomikoarekin, are zentzu gehiago izan du”.
Bideo horrekin, ekarpen “emozionalago” bat egin nahi izan du talde politikoak, horren beharra sumatu zutelako ostalari zein merkatariekin hitz egiterako orduan. “Herria larri dago, triste, eta zerbait hunkigarria egin behar zen. Hortik etorri zen omenaldi hau egitearen ideia”.
Musika da bideoaren oinarria, eta dantzan jarri dituzte protagonistak. “Polita zen barre egiten ikustea, zerbait desberdina egiten, erosotasunetik ateratzen eta irribarreak aurpegietan ikusten. Kezkak barruan daramatzate, baina irribarre bat atera diegu gutxienez”.
“Kanpainatik kanpo”
Hauteskundeetarako 20 egun baino gutxiago falta diren arren, Omniako kideek argi azaldu dute honakoa ez dela kanpaina bideo bat. “Omenaldi bat izatea nahi genuen, eta inondik inora Omniarekiko babes politiko bat”. Horregatik, ez dute alderdiaren logoa sartu ikus-entzunezkoan.
Hala ere, esperientzia “aberasgarria” izan dela nabarmendu du Alvaro Barriosek, merkatariekin “banan banan” egoteko aukera izan duelako, “euren kezkak entzuten”. Horri lotuta, alkategaiak aldarrikatu du lehen sektorerik, merkataritzarik eta ostalaritzarik gabeko herri bat “herri hila” dela, eta beharrezkoa dela sektore horien garrantziaz jabetzea.
Espero gabeko harrera
Omniako kideek aitortu dute ez zutela espero bideoak horrelako harrera izatea. Nabarmendu dutenez, euren hasierako asmoa zen eztablezimendu bakoitza bost segunduz agertzea, eta azkenean segundu bakar bat eman behar izan diote bakoitzari, “ez zirelako gehiago kabitzen”. Era berean, bideoan agertu ez diren negozioak ere izan dituzte gogoan, omenaldia eurentzat ere dela nabarmenduta.
Ez zuten espero bideoak milaka ikustaldi izatea ere. “Merezi izan ditu oporretako bi asteak eta amaigabeko orduak honetara bideratzea, saltoki bakoitzaren erritmora egokitzeko”, ziurtatu du Barriosek.
Gauzak hala, Omniako kideek espero dute bideoak balio izatea “ilusioa” sortzeko eta tokiko kontsumoa sustatzeko. Era berean, eskerrak eman dizkiete bideoa gustuko izan dutela esan dieten guztiei. “Ez dugu inoiz ahaztuko. Honek balio duen ilusio urrats bat emateko dezla, batzen gaituen Laudioren alde”.