Hauteskunde kanpainaren atarian, hauteskunde-programa aurkeztu du EAJk Laudioko Batzokian. Ander Añibarro alkategaiak aletu ditu proposamenak. Azaldu duenez, programa "modu jasangarriagoan" jendarteratzeko helburuarekin, ohiko paperezko argitalpenaren ordez, herritik zabalduko dituzten QR kodeak baliatuko dituzte.
Hamar lan-lerro
Hamar ildo edo lan-lerro nagusitan sailkatu dute jeltzaleek Laudiorako hauteskunde programa: Kultura eta aisialdia, HAPOaren eguneraketa, auzoetako inbertsioak, pertsona nagusien zaintza, gazteak, kirola, industria eta enplegu duinak, merkataritza eta tokiko kontsumoa, politika sozialak eta feministak eta, azkenik, kudeaketa gardena eta irekia, "modu transbertsalean", Añibarroren hitzetan,
Aurkeztutako proposamenak azken legealdiaren jarraipena izatea nahi du Ander Añibarrok: "2019an aurkeztu ginenean azaldu genuen gure programa ez zela lau urterako, epe luzerako proposamena baizik". Internet bidez kontsultatu daiteke dokumentu osoa.
Proiektu estrategikoak
Programaren barruan jasotako zenbait proiektu estrategiko ere aurkeztu dituzte, lan-lerro nagusiei lotuak. Laudioko mapa bat baliatu dute aurkezpenean proiektu horien kokapena irudikatzeko.
Hauek lirateke proiektu horietako batzuk:
- Antzokiaren inaugurazioa
- Kultur Etxearen birgaitzea
- Kiroldegiaren proiektu berria garatzea
- Nagusien egoitza handitzea
- Landaluze-Arraño inguruaren erreabilitazioa
- Jesus Guridiko irisgarritasuna hobetzea
- Egoitza zaharra zaharberritzea
- Lamuzako frontoia estaltzea
- Ugarteko futbol zelaia estaltzea
- Gazte-enplegu plana garatzea
- Goikoplazan haurreskola berria irekitzea
- Tokiko ekoizleentzako lurren bankua sortzea
- Aretako Kultur Etxeko ostalaritza lokala abian jartzea
- Isasi eta Sagasti auzoetako irisgarritasuna hobetzea
- Areta-Vitoria ingurua berrurbanizatzea
- Gardean aparkaleku berriak egitea