Teknologia berriak baliatuz, hauteskunde programan proposatutako Laudio berria erakutsiko diete Omniako kideek herritarrei.
Errealitate birtuala ikusteko betaurrekoak utziko dizkiete eta, horrela, azpiegituren arloko proposamenak ezagutzeko aukera izango dute. Horrela, talde independenteak “etorkizunera begira dagoen Laudio moderno bat” erakutsi nahi du.
Baliabide gutxirekin kanpaina “argitsua” diseinatu dutela adierazi dute eta, ondorioz, Laudio gobernatuko balute gauza ugari egiteko gai liratekeela iradoki dute.
“12 urte daramatzagu Laudioko bizilagun guztientzako lanean eta gure udalerria kudeatzeko gaitasuna eta esperientzia dugula erakutsiko dugu”, azaldu dute prentsa oharrean. “Laudio hazten ikusi nahi dugu eta badakigu guztion sentimendua dela hau”, gaineratu dute.
Hala, lekuz leku ibiliko dira Omniako kideak proposatzen dituzten hobekuntza horiek herritarrei gerturatzen. Egun eta toki hauetan egongo da errealitate birtualeko tresna erabiltzeko eta informazioa jasotzeko aukera:
- Maiatzaren 12an, 18:00etan Alberto Acero plazan
- Maiatzaren 14an, 13:30ean Aretan, Aratz taberna ondoan
- Maiatzaren 15ean, 18:00etan Gardean,kirol gunearen ondoan
- Maiatzaren 18ean, 11:00etan Aldai plazan
- Maiatzaren 19an, 19:00etan, Latiorroko Untzueta plazan
- Maiatzaren 20an, 12:30ean Alberto Acero plazan
- Maiatzaren 22an, 18:00etan Landaluze kalean
Bestalde, maiatzaren 18an, ostegunean, mitina egingo dute Independenteak eta udalgintza, badabilen kudeaketa goiburuarekin. Arraño aretoan izango da 18:30ean.
Ostegunean, 25ean, paseoa egingo dute merkatuan 11:00etan eta hurrengo egunean Aldai plazan festa antolatu dute 18:00etatik aurrera. Agendaren berri izateko sare sozialetan jarraitzera animatu dituzte herritarrak.