ARGAZKI KRONIKA

EAJren eta "pankarten eta pintaden" artean erabakitzeko beharra azpimarratu zuten atzo jeltzaleek

Aitor Aspuru Saez 2023ko mai. 14a, 07:30

Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidenteak, Ander Añibarro Laudioko alkategaiak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusigaiak eta Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako Aiarako hautagaiak parte hartu zuten atzo Laudion egindako hauteskundeen ekitaldian.

Alberto Acero plaza hartu zuen atzo EAJk hauteskunde kanpainako hitzordu garrantzitsua egiteko. Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidenteak, Ander Añibarro Laudioko alkategaiak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusigaiak eta Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako Aiarako hautagaiak hartu zuten hitza alderdikide zein alderdizale ugariren aurrean eta guztiek errepikatu zituzten hiru mezu berdinak.

Hasteko, ordezkari orok azpimarratu zuten EAJren eredua eta azken lau urteetan egindako kudeaketa eta lana erakundez erakunde. Ander Añibarrok, esaterako, gogoratu zuen bere legealdian 70 milioi euroko inbertsioa lortu dutela herrian, eta Ramiro Gonzalek zein Irma Basterrak azaldu zuten Arabako Foru Aldundiak hartutako konpromiso nagusiak herriz herri (Antzokia, Nerbioiko Parke Lineala, Kexaako monumentu historiko-artistikoa, Okondoko kiroldegia...) eta Aiaraldea Suspertzeko Larrialdiko Planean egindako ekarpenak.

Bigarren mezua argia izan zen. EAJren eta EH Bilduren arteko lehia izango da Araban alkatetzetan zein Foru Aldundian eta koalizioari leporatu zioten "pankarten eta pintaden" erakundea izatea, edota "aginduaren bitartez gobernatzea", besteak beste. Andoni Ortuzarrek, esaterako, duela astebete hautsak harrotu zuen "erleen eta liztorren" arteko metafora ekarri zuen berriro eta aipatu zuen EAJ dela erlea, "produktiboa baita eta ez du ziztatzen".

Azkenik, abstentzioaren kontrako mezua zabaldu zuten hautagaiek. Ortuzarrek berak azaldu zuen hurrengo bi asteetan, eta inkestak aintzat hartuta, inoiz baino jende gehiagok erabakiko duela bozkatuko duen edo ez. Horren aurrean, jeltzaleak eskatu zien euren militanteei mobilizatzea eta EAJren aldeko kanpaina egitea kalean zein lagunen eta senideen artean, abstentzioa ekiditeko.

Horrez gain, ekitaldian doluminak eskaini zizkioten Juan Jose Ibarretxe Lehendakari laudioarrari, bere ama zendu baitzen ostiralean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide