Latiorro ikastetxearen 50 urteko ibilbidea jaso dute argazki erakusketa batean

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko mai. 17a, 11:00

Kultur Etxeko azken solairuan dago ikusgai erakusketa. / Aiaraldea.eus

Mende erdia beteko du aurten Latiorro ikastetxeak, eta larunbatean egingo dute ospakizun nagusia. Halaber, auzoko eskolaren historia luzea herrira zabaltzeko asmoz argazki erakusketa antolatu du irakasle-ohi talde batek Laudioko Kultur Etxean. Maiatzaren 22ra arte egongo da ikusgai.

Latiorro ikastetxearen historia biltzen duen argazki erakusketa antolatu dute Laudioko Kultur Etxean. Ikastetxeak asteburu honetan ospatuko du mende erdia, eta ospakizunen barruan kokatu dute egitasmoa.

Bildumak eskolaren historia luzea herrira gerturatzea du helburu. Latiorroko irakasle-ohi talde bat da argazki erakusketaren atzean dagoena. “Zuzendaritza berria da, eta guri proposatu ziguten erronkari heltzea. Guk oso gustura heldu diogu, gainera”, azaldu zuten inaugurazioan.

Erakusketa maiatzaren 22ra arte egongo da ikusgai eta, gero, Latiorroko webgunean eskegiko dituzte argazki guztiak. Halaber, maiatzaren 20an -larunbata- erakusketa ez da ikusgai egongo. Izan ere, egun horretan latiorroko 50. urteurreneko ospakizun handia egingo dute ikastetxean bertan. Egun osoko egitaraua prestatu dute eskolan eta 400 lagun baino gehiago bilduko dituzte herri bazkarian.

Menendez Pidal eta Ortega y Gasset

1973an sortu zen eskola. Garai hartan Laudioko biztanleria izugarri hazi zen, eta ezinbestekoa zen ikastetxe berriak irekitzea. Argazki erakusketarako ikastetxearen eraikuntzako argazkiak lortu dituzte ere.

Hasieran bi zentro zeuden gaur egun Latiorro ikastetxeak hartzen duen orubean: Menendez Pidal eta Ortega y Gasset. Bi ikastetxeek 1995ean egin zuten bat, Latiorro LHI ikastetxeari bide egiteko.

Txani Rodriguez idazleak edota Silvia Manrique hockey jokalariak testuak prestatu dituzte erakusketarako, beste askoren artean

Hamaika ekintza, hamaika irudi

Argazki erakusketa gaika antolatu dute: “Ikastetxean egiten ziren eta, oraindik ere egiten diren, jarduera eta ekintza desberdinak erakutsi nahi izan ditugu”. Gauzak horrela, barnetegiekin, inauteriekin, kirol-ekintzekin… lotutako argazki sortak aurkituko dituzte bertaratzen diren herritarrek. Ingurumen arloarekin lotutako argazki bilduma bat ere osatu dute. Izan ere, Latiorro ikastetxeak lotura estua izan du gaiarekin, eta dozenaka ekintza burutu dituzte bertan ingurumenarekin lotuak.

Oroitzapen bilduma

Argazkiekin batera, ikasle eta irakasle ohien testigantza idatziak ere jaso dituzte erakusketan. Besteak beste, Txani Rodriguez idazle laudioarrak edota Silvia Manrique Hockey jokalari olinpikoak idatzi dute euren eskola-garaiaren inguruan. Liburu zuri bat ere prestatu dute, bisitariek euren iritzi eta oroitzapenak bildu ditzaten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide