Bueltaka aritu zara azken aste hauetan ikuskizun berriarekin, ezta?
Bai, Errioxan, Donostian, Bilbon… leku askotan egon naiz, bai! Oporrekin eta unibertsitateko ikasketekin dena korapilatu zait gehiago, baina ondo nago! (barreak)
Nola murgildu zinen magiaren munduan?
Futbolean jolasten nuen nik, baina lesio baten ondorioz magiaren zaletasuna piztu zitzaidan. Lesionatuta eta geldirik egon nintzen sasoian, denbora libre asko nuenez, telebisatn Got Talent programaren lehenengo edizioa ikusi nuen; bertan mago bat agertzen zen kartak kolorez aldatzen zituena eta liluratuta geratu nintzen. 2016an izan zen hori, eta geroztik nire pasioa eta bizimodua izan da magia.
“Nire ametsa beti izan da Madrilgo Gran Via kalean, bertako antzoki batean, astero hiruzpalau saio eskaintzea”
Urte hauetan guztietan asko aldatu da zure magiarekiko pertzepzioa?
Bai, noski! Azken finean arte batean murgiltzen zarenean, hasieran normala da kopiatzea, edota beste magoek egiten dituzten gauzak jarraitzea. Horrela hasi nintzen ni ere. Lehenengo hilabeteetan YouTuben ikusitako bideoetan oinarritzen nintzen trikimailuak egiteko, gidoi eta egiteko modu berdinak erabiltzen nituen. Gero, Bilboko akademia batean sartu nintzen, eta bertan bi urte igaro nituen. Akademian gehiago sakondu nuen gidoiaren garapenean, baita magiaren alderdi psikologikoan ere.
Baina, azken finean, norberak bere estilo propioa garatzea da gakoa. Horretarako ezinbestekoa da dedikazioa eta zure buruarekin orduak igarotzea. Praktikatuz eta praktikatuz garatu nuen nire estilo propioa. Mago bakoitzak bere moduak ditu; batzuk txantxak egiten dituzte, beste batzuk ez dute hitzik egiten…
Zu kartekin aritzen zara. Zeintzuk dira zure magiaren osagaiak?
Magiaren barruan espezialitate asko daude. Nire espezialitatea karten manipulazioa da: kartak agertzea, desagertzea, kolorez aldatzea… . Esan ohi da hau dela magia estilorik zailena. Izan ere, musika eta magoaren eskuak besterik ez dira erabiltzen, ez dago beste ezer zure eta ikusleen artean. Tekinikoki oso zaila da hori, eta mugimendu guztiak behin eta berriro errepikatu behar dira ondo ateratzeko. Nik 5-10 minutuko ikuskizun bat egiteko orduak eta orduak ematen ditut etengabe mugimendu berdinak errepikatuz.
Ikuskizun luzeago bat ere aurkeztu duzu, ordea.
Apirilaren 14an Ver para creer ikuskizuna aurkeztu nuen Bilborock aretoan. Ordubeteko saioa izan zen. Bertan ez dut bakarrik karten manipulazioa egiten; mentalismoa, sokekin trikimailuak, arbel eta gutunazalekin trikimailuak… ere gehitu ditut ikuskizunera.
Ezin duzu espezialitate bakar bateko show bat egin, oso zaila da eta dinamismo gutxiago dago.
Nola lantzen duzu ikusleen arlo psikologikoa ikuskizun baten aurretik?
Onena publikoarekin entseatzea da. Nire kasuan, gurasoekin praktikatzen ditut magia trikimailuak. Euren jarrera aztertzen dut, begirada, begiak nora mugitzen dituzten… guzti hori hartzen dut kontuan jokoak prestatzerako orduan.
Antzokiz antzoki ikuskizunak egin ahala ere, ohartuz noa zerk funtzionatzen duen gehiago eta zerk gutxiago, eta horren arabera moldatuz noa.
Taula gainean ikuskizun ugari eman dituzu urte hauetan. Nola eboluzionatu du zure ikuskizunak?
Esan daiteke ibilbide arraroa egin dudala magoen artean. Hasieratik espezializatu nintzen karten manipulazioan; ohikoena, ordea, mago hasiberriek denetarik egitea da. Nire kasuan bi urte egon nintzen Bilboko akademia hartan, harik eta 2018an manipulazioa egiten zuen Gasteizko mago bat ezagutu nuen arte. Geroztik, berarekin elkartzen nintzen astean bost-sei orduz, nire hamar minutuko emanaldia prestatzen joateko.
Ikuskizun labur hori jendaurrean eskainiz eta errepikatuz, gaitasun berriak bereganatu nituen, eta lehiaketetan parte hartzen hasi nintzen. Bartzelonan, Bilbon, Frantzian, Italian edota Portugalen egon naiz lehiaketa horiei esker.
Gainera, sari garrantzitsuak atera ditut bertatik. Frantziako eta Portugalgo Magia Sari Nazionalak dira esanguratsuenak. Italiakoa ere oso inportantea izan zen, nazioarteko jaialdi batean lortu nuen, Espainian lortutakoa bezala.
Lau urteko ibilbide bizi horren ostean, ordu beteko ikuskizun batera egin dut jauzi. Publikoarekin elkarrekintzan egon nahi nuen, horrek erakartzen ninduen gehien. Asko gustatzen zait publikoarekin elkartzea, txantxak egitea eta hitz egitea; agerikoa da hori (barreak)!
“Hau galdetzen didaten guztietan beti erantzuten dut berdina; kalte baino zorte gehiago izan nuen futbolean lesionatu nintzenean”
Espero zenuen ibilbide hau egitea magia praktikatzen hasi zinenean?
Ez, ez! Hau galdetzen didaten guztietan beti erantzuten dut berdina; kalte baino zorte gehiago izan nuen futbolean lesionatu nintzenean. Niretzako ikaragarria izan da azken urte hauetan bizi izan dudana. Uste dut oraindik bide luzea dudala aurretik, leku asko ditut bisitatzeko eta ikuskizun asko egiteke.
Hau errealitate bihurtutako amets bat da. Zeinek pentsatuko zukeen 2016an kartetan jolasten zuen lesionatutako haur lotsati batek 200-400 lagunen aurrean ikuskizun bat eskainiko zuenik!
Maila pertsonalean ere, ekarpen handia egin dizu magiak, ezta?
Bai, eta garrantzi handia ematen diot horri. Magia egiten hasi nintzenean, oso mutil lotsatia nintzen, eta ez nuen harreman askorik pertsonekin oro har. Baina, geroztik ate asko zabaldu dizkit, eta pertsonekin harremantzeko trikimailu liluragarriak eskaini dizkit magiak.
Agenda betea izango duzu honezkero.
Ebakuntza bat egingo didate aurki, ez da oso larria, baina hilabete bat egongo naiz showrik eskaini gabe. Gertuko magia saioak bai eskainiko ditut, ekainaren 10ean Laudion, esaterako. Udan atsedena hartuko dut; izan ere, azken hilabete hauek oso estres handikoak izan dira. Udazkenean, ordea, Frantziako jaialdi batera joango naiz. Irailean eta urrian, gainera, ikuskizunak ditut lotuta Azpeitian, Gasteizen, Erandion…
Eta, epe luzera begira, non ikusten duzu zure burua?
Nire ametsa beti izan da Madrilgo Gran Via kalean, bertako antzoki batean, astero hiruzpalau saio eskaintzea, eta jendea nire ikuskizunaz gozatzeko aitzakiarekin joan dadila Madrilera. Las Vegasen denboraldi bat igarotzea ere gustatuko litzaidake.
Zeintzuk dira zure erreferenteak magiaren munduan?
Imanol D’albeniz mago gasteiztarra da nire erreferente nagusietako bat. Bera da nire ikuskizuna prestatzen lagundu ninduena. Oso mago ona da karten manipulazioan.
Asko miresten dudan beste mago bat, Pop Magoa da; bera bezalakoa izatea gustatuko litzaidake. Oilo-ipurdia jartzen zait bere ikuskizuna ikusten dudanean. Ikusizun ikaragarria dauka, antzoki propio bat Bartzelonan, egoiliarra da Madrilgo aretoetan… Eredu da niretzat, hori da nire ametsa.
Elkarrizketa hasieran aipatu duzu magia arte mota bat dela, horrel aldeko alegato bat eskatu nahi dizut.
Nik uste dut beste espresio artistikoek ez duten gauza bat duela magiak: sorpresa. Ez dakizu zer gertatuko den, eta hori da bere esentzia. Trikimailuek nola funtzionatzen duten ez jakitea, lilura momentu hori… oso berezia da.
Magia, gainera, interdisziplinarra da, elementu askoren nahasketa. Magook dantza erabiltzen dugu ikuskizuna garatzeko, akote lanak egiten ditugu, musika lantzen dugu… guzti hori sorpresa liluragarri batera iristeko.