Tenerifen egon zara apirileko azken astean Espainiako estatuko Filosofia Olinpiadan parte hartzen.
Lehenengo postua lortu nuen Eibarren izandako Euskadiko V. Filosofia Olinpiadan, dilema moralaren modalitatean. Lau modalitate ziren guztira, eta modalitate bakoitzeko irabazleak Tenerifera joan ginen estatu mailako Filosofia Olinpiadan Euskadi ordezkatzeko.
Zer nolako ekintzak egin dituzue Tenerifen?
Apirilaren 27an, ostegunean, joan ginen Tenerifera eta hiru egun eman genituen uhartean. Egitarau oparoa prestatu zuten bertan, ekintza asko egin genituen. Ostiralean lehenengo ariketa jarri ziguten; idazlan berri bat osatu behar genuen, betiere 'mugak eta justizia soziala' gaiarekin lotuta. Bisita gidatu bat ere egin genuen Adeje herritik. Bisita antzeztu bat zen, guk hasieran ez genekien arren. Hainbat aktore zeuden herriko bazterretan, eta hausnarketa bideratzea zuten helburu. Kalean bizi zen emakume batek, adibidez, kapitalismoaren kritika bat egin zigun.
Larunbat goizean ostiralean idatzitako ariketaren sari banaketa egin genuen, maila altuko ordezkariak izan ziren bertan. Modalitate bakoitzetik hiru lan hautatu zituen epaimahaiak. Gainerakook ez dakigu nola kalifikatu zituzten gure idazkiak, gustatuko litzaidake jakitea.
Teide bisitatzeko aukera ere izan genuen. Nik amari mezu bat idatzi nion sumendi bat ikustera joango ginela esanez. Mezua bidali eta gutxira estaldurarik gabe geratu ginen; lau orduren ostean amaren hamaika dei galdu nituen, sumendi aktibo batera gindoazela uste baitzuen (barreak).
Olinpiadari eta egonaldiari amaiera emateko afari bat egin genuen, bertan jende gehiago ezagutzeko aukera izan nuen.
Zuk dilema modalitatean parte hartu duzula esan duzu. Zertan datza ariketa hori? Nola ebazten da?
Egoera hipotetiko bat eta galdera bat aurkezten dizute horrelako ariketetan, aukera desberdinen artean erantzun bat hautatzeko beharra eskatzen duena. Aukera posible baten eta bestearen aldeko eta kontrako argudioak mahaigaineratu behar dituzu, filosofo eta pentsalarietan oinarrituta. Gatazkaren balioak azaleratu behar dira disertazioan, eta bertatik aukera bat hautatu, ateratako ondorio guztiak kontutan hartuta.
“Pentsamendu kritikoak begirada enpatikoagoa eskaintzen digu, problematikei modu eraginkorrean erantzun ahal izateko”
'Mugak eta justizia globala' izan da aurtengo edizioko gaia, eta zuk horren inguruan hausnartu duzu.
Eibarreko finalean errefuxiatu eta migratzaileen gaia landu genuen: familia batek asilo politikoa eskatzen du krisi ekonomikoak jota dagoen herrialde batean, eta guk gobernuak egin beharrekoaren inguruan hasunartu genuen. Tenerifeko dilema orokorragoa izan zen; mugak bai ala mugak ez.
Eibarreko ariketan Greziako eta Siriako datuak hartu nituen abiapuntu. Bai Eibarren eta baita Tenerifen ere, zenbait filosoferen iritziak aipatu nituen, eta Etika Eskolei ere egin nien erreferentzia.
Etikak bi talde handitan banatzen dira. Batzuek defendatzen dute zoriontasuna ematen digun hori egiteko beharra, eta horren harira agian erabaki dezakezu errefuxiatu horiek ez artatzea. Hor kokatzen dira testuan aipatu nituen Epicuro edota Stuart Mill. Bigarren talde batek, ordea, justiziaren etikaren alde egiten du; gure betebeharrak eta ondo dagoena egiteko zoriontasuna sakrifikatzearen aldekoak dira hauek. Bi ikuspegi horietan oinarritu nintzen.
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko hainbat artikulu ere baliatu izan ditut idazkietan. Izan ere, 1948an Parisen onartutako adierazpeneko 2.3 eta 13 artikuluek mugarik gabeko mundu baten alde egongo lirateke, pertsona orok modu librean bidaiatzeko eskubidea aitortzen baitute.
Zuk ez duzu filosofia ikasi oraindik, ezta?
Ez, ni DBHko 3. mailan nago. Pentsamendu kritikoa eta autonomoa izeneko ikasgai batean prestatu dut olinpiada. Asko gustatzen zait hausnartzea, eta horregatik eman nuen izena bertan. Ez nuen inondik inora espero finalista izatera iritsiko nintzenik.
Dilemaren modalitatean iritsi nintzen finalera, baina beste bi modalitatetan ere aurkeztu nintzen Filosofia Olinpiadara: bideogintzan eta argazkilaritzan. Bideoarekin ere aitortza jaso nuen Eibarreko finalean.
Zer landu zenuen bideo horretan?
Mitologoen arabera ipuin eta kondaira klasiko guztietan errepikatzen den eskema hartu nuen oinarri bezala: heroiaren bidaia. Gaia 'Mugak eta justizia globala' izanik, heroiaren bidaia hori nire amaren biografian aplikatu nuen, bideoz grabatu nion elkarrizketa baten bidez.
Nire ama nigeriarra da. Nigeriatik eortzeko egindako bidaia horretan Heroiaren Bidaiko elementuak identifikatzen joan nintzen.
Ezagutzen zenuen zure amaren istorioa?
Ez. Orain arte ez nekien zerk ekarri zuen nire ama Laudiora. Berak ez zidan inoiz kontatu eta nik ez nion inoiz galdetu. Filosofia Olinpiadak pixkabatt gehiago elkartu egin gaitu.
Uste duzu gaiarekiko gertutasun horrek lagundu dizula ariketa filosofikoak ebazterako orduan?
Ez, niretzako gaia ez da jendeak uste duen bezain gertukoa. Ez nuen nire hurbileko gai bezala ikusten. Amarekin izan nuen elkarrizketak asko harritu ninduen. Kontatu zidan txalupa batean egin zuela bidaia.
Guk Amets Arzallusen Miñan liburua irkaurri berri genuen, eta ezin nuen sinistu nire amak liburuko protagonistak bizi izan zuen berdina bizi izana. Aurkikuntza oso poilta izan da!
“Bidaia honetan gehien baloratzen dudana nire kideekin euskaraz bizitzeko aukera izan da”
Pentsamendu kritikoak eta landu dituzuen bezalako hausnarketek nola lagundu dezakete migrazioaren gaiari heltzerakoan?
Horrelako ariketak eta ikasgaiak oso lagungarriak dira gure pentsamendua garatzeko, eta oinarririk gabe iritziak eta buloak gezurtatzeko. Askotan mespretxatu egiten dira horrelako ikasgaiak, baina beste alor batzuk baino ekarpen handiagoa egiten dutela uste dut nik. Pentsamendu kritikoak begirada enpatikoagoa eskaintzen digu, problematikei modu eraginkorragoan erantzun ahal izateko. Txikitatik landu beharko genukeen zerbait da. Izan ere, orain institutan aurreiritzi eta estereotipo asko ikusten dira, jende askok gauzak hausnartzeko tarterik eta gaitasunik izan ez duelako.
Uste duzu Institutuan gaiarekiko hausnarketa sakonago bat ahalbidetu duela zu Tenerifera joan izanak, edo Eibarren ikastetxeko ordezkaritza zabal bat egon izanak?
Ez dakit eragina izan duen, baina egia da Filosofia Olinpiadari esker gaiaren inguruan asko hitz egin dugula klasean, gaiari lotutako pelikulak ikusi ditugu… Orain, migrazioaren inguruko buloak haizatzen zituzten klasekideek ez dituzte hauek gehiago zabaltzen. Uste dut deshumanizazio handia zegoela migratzaileekiko eta hori gainditzea lortu dugu.
Zer egingo dute Tenerifeko parte-hartzaile guztien lanekin?
Santillana argitaletxeak Tenerifen izan ginen finalista guztion idazkiekin liburu bat argitaratuko du.
Beste hiru ikasle euskaldunekin joan zara euskal ordezkaritzaren barruan. Nolako harremana izan duzue?
Oso ondo moldatu naiz eurekin, eta euskaraz harremandu izana asko baloratzen dut. Ez dakit Araban gertatzen den zerbait den, edo orokorragoa den, baina nik ez dut euskaraz hitz egiten nire lagunekin, ez dute gogoko. Irakasleekin bakarrik egiten dut esuakraz. Tenerifeko bidaian, hasieran oso deseroso sentitzen nintzen, mundu guztia ari baitzen euskaraz eta niri ez zitzaizkidan hitzak ateratzen. Euskara ondo ulertzen dut eta ondo hitz egiten dut, baina eskolako hizkuntza izanik, hasieran arrotza egiten zitzaidan beste giro batean erabiltzea. Baina, egundoko bultzada eman didate, oso jarrera ona izan dute nirekiko eta nik euskaraz egitearen alde. Bidaia honetan gehien baloratzen dudana nire kideekin euskaraz bizitzeko eta harremantzeko aukera izan da. Asko gustatzen zait euskaraz aritzea, eta Tenerifen deskubritu dut hori (barreak).