EH Bilduk oharra zabaldu du jakinarazteko ekin diola Laudio Bihar aldizkaria banatzeari. Argitalpenaren 10.000 ale uzten ari dira etxez etxe, laudioarrek euren proposamenak, ideiak eta proiektuak ezagutu ditzaten maiatzaren 28ko hauteskundeak baino lehen.
Aldizkariak 32 orrialde ditu, 16 euskaraz eta beste 16 gazteleraz, eta Internet bide ere irakurri daiteke, hemen.
Edukiei dagokienez, "14 proposamen handi eta 24 proiektu osagarri eta beste hainbat proposamen txikiago" jaso dituzte orrialdeetan: "Eraldatzaileak arlo sozialean, ekonomikoan, kulturalean eta jakina, udal-kudeaketa ereduan. Proposamen horiek guztiak oso lotuta daude gure errealitate espezifikoarekin, historiarekin eta lurraldearekin, hala ere, beste latitude batzuetako konponbide arrakastatsuetatik ideiak hartzeko beldurrari iskin egin zaio".
Horrez gain, Ainize Gastakak, Nagore Gomarak eta Esti Gorostiagak iritzi zutabeak plazaratu dituzte argitalpenean, eta honako baieztapenak egin dituzte, besteak beste: “Laudiok gehiago merezi du”; “beharrezkoa da erdigunean gobernantza-formula berriak jartzea” eta “askotan, errealismo faltsuaren aitzakiak gaur egun dauden inertziei betikoak betikoen kontura onura ateratzen jarraitzeko interesa ezkutatzen du”.
Azkenik, koalizioak azpimarratu du partaidetza eredua bultzatuko duela alkatetza eskuratuz gero: "EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du herritarren parte-hartzea aktibatzea eta baliabideekin hornitzea, udalbatzaren gehiengoak onartu berri duen parte-hartze araudia abiapuntutzat hartuz. EH Bilduk organo horietan hartzen diren erabakiei bide instituzionala emateko konpromiso politikoa hartzen du, eta, gainerako udal taldeek ere, hala egitea espero du. Norabide horretan, EH Bilduk, udaletxera iritsi eta ahal bezain pronto, Laudion lehen aldiz, Partaidetzarako Toki Foro egonkor eta integralak deituko ditu: Batzarra eta Tokiko Kontseilua".