Jai handi batekin ospatu zuten larunbatean Latiorro Ikastetxearen 50. urteurrena. 1973an ireki zituen ateak eskolak, bi ikastetxe desberdinetan banatuta: Menendez Pidal eta Ortega y Gasset. Bi zentroek 1995ean egin zuten bat Lateorro LHI ikastetxean, eta berriki aldatu du deitura Latiorro Ikastetxera.
Menendez Pidal, Ortega y Gasset, Lateorro zein Latiorro; hezkuntza zentroak mende erdian egindako ibilbide oparoa goraipatu zuten larunbateko urteurren festan. 50 urte hauetan auzoarekin eta herriarekin izandako lotura estua jarri zuten balioan.
Belaunaldien topaleku
Ikasle eta irakasle ohien topaleku bilakatu zen urteurren jaialdia. Goizean goiz ate irekiak egin zituzten, eta asko izan ziren eskolaren eraldaketa bertatik bertara ikustera gerturatu ziren herritarrak. Ekitaldi nagusian, oroitarri bat inauguratu zuten eta Jokin Bildarratz hezkuntza sailburuak hartu zuen hitza, besteak beste.
Eguerdian Latiorro auzora zabaldu zuten festa giroa, inguruarekin lotura estutzeko asmoz. Beti Jai txarangak Kamaraka kaleko karpara gidatu zituen ehunka ikasle- eta irakasle-ohi. Herri bazkaria egin zuten bertan, eta Placton taldeak jarri zion erritmoa arratsaldeari.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte eta Latiorro Ikastetxea