Laudioko Granja kiroldegiak hartu zuen Arabako haur mailako saskibaloi txapelketaren lauko finala eta garaipena herrian bertan geratu zen.
Lehiaketako azken txanpa larunbatean hasi zen eta Jotake klubak 34-28 gainditu zuen Marianistas lehen finalerdian. Bigarrenean, Sugarrakek erraz gailendu zuen Araberri eta markagailuaren emaitza 64-34 izan zen.
Gauzak horrela, Sugarrak eta Jotake klubek igandean 18:00etan jokatu zuten finala gainezka zeuden harmailen aurrean. Nora Aldekoak eta Oscar Muñoz 'Joko'-k entrenatutako taldea nagusi izan zen markagailuan hasieratik bukaerara, nahiz eta Jotakek inoiz ez zuen amorerik eman. Alegia, azken laurdenean partida estutu zuten eta 4 puntura ere jarri ziren jokalariak.
Edonola ere, etxekoen azken bultzadak 57-48 utzi zuen markagailua. Sugarrak klubeko kideek goraipatu dute jardunaldi polita izan zela eta kiroltasuna eta errespetua izan zirela nagusi arerioen eta zaleen artean.
Behin txapela lortuta, Zumarragan lehiatuko diren Euskadiko Jokoetan parte hartuko du Sugarrak klubak. Han Gipuzkoako eta Bizkaiko garaileekin jokatuko dute hiruki ereduko txapelketan.
Sugarrakeko neskak finalaren atarian
Sugarrak klubeko haur kategoriako neskek, ordea, pasa den asteburuan neurtu zituzten indarrak Arabako Final Four-ean eta, tamalez, puntu bakarragatik galdu zuten finalerdietan.