Noiz hasi zinen Kofradian parte hartzen?
Ezin dut zehaztu, aspaldi izan baitzen. Esaterako, Laudioko oroimen historikoari buruzko liburuak egitean, argazkien esparruan lagundu nuen. 55.000 irudi eskaneatu genituen, gutxi gorabehera. Proiektuan parte hartu baino lehen banintzen kofradea ere eta zenbait batzordetan aritu naiz. Ez naiz geldirik geratzen.
Noiz erabaki zenuen urratsa egitea eta maiordomo izateko aurkeztea zure burua?
Batzordea sortu zuten maiordomorik gabe geratu zelako Kofradia. Batzordeak hautatu zuen zenbait lagun eurekin hitz egiteko. Zerrenda horren lehenengo hautatuen artean nengoen.
Nire ustez, bazegoen ni baino egokiagoa zen kofrade bat. Nire laguna da eta harreman publikoetarako trebezia dauka; Anton Zarain.
"Nire ustez maiordomoak zerbitzua ematen dio Kofradiari eta herri osoari"
Nik proposatu nuen berari galdetzea ea ardura hartu nahi zuen, eta berak nahi ez bazuen, nik hartuko nuela nire gain, arazoa konpontzeko.
Berarekin hitz egin zuten, baina konpondu behar zuen arazoa zuen eta, ondorioz, nik onartu nuen maiordomo izatea.
Batzar nagusian bertan beste inork ez zuen bere burua aurkeztu. Hortaz, niri egokitu zait.
Maiordomo hitzak, nolabait, eta kanpotik, iradokitzen du menpeko egoera, baina San Roke Kofradian maiordomoak erabakitzeko ahalmen handia dauka.
Bai, nik maiordomo hitzari ematen diodan esanahia da Kofradiari eta herriari, oro har, zerbitzua ematea.
Oinarrizko betebeharrak dira Odoloste eta Kofradia egunak antolatzea. Azken urteotan ekarpen handia egin du Kofradiak kulturaren esparruan eta liburuak argitaratu ditugu. Azken urtean bi izan dira, oker ez banabil.
Edonola ere, ikusita paperaren prezioa gero eta garestiagoa dela, pentsatzen ari naiz zerbait birtuala argitaratzea. Dirulaguntzak berdinak dira eta gastuak ia hirukoiztu dira.
Momentuz, Jose Arrueren erakusketa birtual bilakatu nahi dut eta Antonio Aldamaren bat ere egin nahi dut. Bide birtuala ere landuko dugu aldizkarian artikulu zabalagoak eskaintzeko Kofradiako webgunean, QR kodea baliatuta.
Liburuen aldetik, Ermualdeko datu pilo ditut. Bildu ditut Santa Luziari buruz idatzitako artikulu guztiak eta ilusio handia egiten dit, baina oso garestia da papera eta zaila iruditzen zait.
Konponduko gara ditugun bitarteko mugatuekin. Kofradian daukagun alde ona da trebezia eta ogibide ugariko kideak ditugula: idazleak, esaterako. Gakoa da aniztasun horretan aprobetxatzea bakoitzak hoberen egiten duena.
Zein da Kofradiaren egoera gaur egun?
Arazo nagusiena da kofradeen adina. Adibidez, lehen kofradeok antolatzen genuen Kofradia Eguneko bazkaria. Guk geuk egiten genuen guztia. Gazteak ginen eta prest geunden.
Orain nagusiagoak gara eta ezinezkoa zaigu mahaiak eta aulkiak leku batetik bestera mugitzea eta cateringa kontratatu dugu bazkaria prestatzeko.
"Kofradia Egunera etorri ezin diren kofradeei bazkaria eramatea proposatuko diegu"
Edonola ere, niretzat garrantzitsuena da tradizioa eta irudikatzen duena mantentzea.
Horregatik, gure asmoa da Kofradiako bazkaria zabaltzea herri osora. Hasteko, bazkaltzera etortzeko aukerarik ez duten kofradeei (nagusiak direlako, adibidez) etxean eskainiko diegu bazkaria, euren familiarekin.
Epe luzera helburua da familia guztiek bazkaltzea hori ere, odoloste egunean egiten den moduan. Izan ere, ohitura hori Kofradiak abiatu zuen eta egun orokortu da.
Aipatu duzu tradizioa, baina zein da zure pizgarria Kofradian parte hartzeko?
Ezin ditut arrazoi asko eman baina, hasteko, pentsatzea 1599tik gaurdaino hainbat belaunaldi igaro direla Kofradiatik. Zerbaitengatik izan da hori. Ez dut uste gure aurretik etorri direnak gu baino ergelagoak zirenik eta ez dut uste gu azkarragoak garenik. Ezberdinak eta modernoagoak bai, baina ez azkarragoak. Arrazoiak zituzten hori egiteko.
"Kofradia Egunean muturreko bestelako ideia politikoak dituzten kofradeek partekatzen dute mahaia eta elkarbizitza eredua da"
Bestelako motibazioak zituzten, adibidez, baserrien mugarrien arazoak konpontzea. Emakumeen lana ere garrantzitsua zen, eurak geratzen baitziren baserrian.
Bide batez, aipatu nahi dut emakume batek parte hartzen duela lehenengo aldiz Kofradiako Batzordean, hau da, kudeaketan aritzen dela. Josune Ibarra izan da eta espero dugu emakume gehiago batzea. Berez, hamabost edo hogei emakumezko daude Kofradian, baina soilik bostek parte hartzen dute bazkarian.
Nire motibazioetara itzulita, Kofradiaren bazkarian muturreko ideia politiko ezberdinak dituzten kofradeak ikusten ditugu mahaia partekatzen, maitasunez tratatzen eta elkarbizitzen. Horrek ekarpena egiten dio gizarteari.
Ni berez bazkariaren bitartez sartu nintzen Kofradian. Lanagatik ez nuen ia denbora librerik eta, lan karga arintzea lortu nuenean, Kofradia Eguneko bazkarian parte hartu nuen eta ezuste oso atsegina izan zen, bikaina. Kofrade guztiok elkartzen gara eta Gabonetan familia batzen den moduan gaude, oso ondo pasatzen dugu, ilusioa sortzen digu. Bizi ez duenak ez daki zer den, baina oso esperientzia polita da.