Kirolari “bazterretatik” helduko diote larunbatean Orbeko Etxean

Jone Gartzia Gerra 2023ko mai. 24a, 18:30

Martxoaren 25ean egin zuten Karmelan 'kirola bazterretatik' lehen jardunaldia. / Gehiago Edicions

Gehiago Edicions-ek eta Orbeko Etxeak ‘Deporte desde los márgenes’ jardunaldia antolatu dute larunbat honetan, maiatzaren 27an. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eskalada, lodifobia eta desgaitasuna ardatz. Musikak, janak eta liburuek lagunduko dute “giro polita” sortzen.

Bilbon bizi den mallorcarra da Maria Francisca Mas Riera, eta beste lagun batzuekin batera Gehiago Edicions zigilua sortu du. 2021eko urte amaieran eskalada prisma feministatik jorratzen duen Escalantes izeneko testigantza-liburua argitaratu zuen, eta orain gutxi Ingrávidas kaleratu du, egile anitzeko lana. Zigilua “kirolaz, eskaladaz eta transfeminismoaz hitz egiteko” tresna dela azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Masek.

Hala, Deporte desde los márgenes (kirola bazterretatik) izeneko jardunaldiak antolatzeko aitzakia ere bihurtu da Gehiago Edicions. Sustatzaileak azaldu duenaren arabera, Escalantes aurkezteko biran jende asko ezagutu zuen, eta “gauzak antolatzeko grina duten pertsonen sare bat” osatu du. Martxoaren 25ean Bilboko Karmelan egin zuten kirola eta “bazterrak” ardatz zituen lehen jardunaldia. Egun horretako egitarauak eta larunbatean Orbekon egingo dutenak antzeko egitura izango dute, edukiak aldatuta: goizean emakume eta sexu-disidentzientzako espazio ez-mistoa, ikus-entzunezko baten proiekzioa, bazkaria, eta hitzaldia edo aurkezpena.

Larunbatean Orbeko Etxean

Azaldu bezala, emakumeentzako eta sexu-disidenteentzako espazioarekin emango diote hasiera maiatzaren 27ko jardunaldiari. 12:00etatik 13:00etara Ainhoa Garciak dinamizatuko du espazioa, gorputzean eta, batez ere, lodifobian fokua jarrita. Ostean, Light dokumentala jarriko dute, eskalada eta elikadura nahasmenduak jorratzen dituen lana.

Bazkaria egingo dute ondoren, beganoa eta glutenik gabekoa, ohi gisara. Antolatzaileek eskatu dute ostegunerako 639.477.268 zenbakian izena-emateko, otordua prestatu ahal izateko. Bazkalostean Itxi Guerrak kirolaren eta desgaitasunaren inguruko hitzaldia emango du. Lucha contra el capacitismo. Anarquía & Capacitismo liburuaren idazlea da Guerra eta “kirola ikuspuntu antikapazitista batetik” jorratuko du Orbeko Etxean.

Maria Francisca Masek azaldu du horrelako jardunaldiekin, ondo dinamizatuz gero, “oso espazio politak” sortzen direla. “Konfiantza eta segurtasun espazioak sortzen dira eta, nahiz eta momentuan pertsona batzuk aktiboago edo isilago parte hartu, ondoren, momentu lasaiagoetan, sarea sortzen da”. Hori da, batez ere, bere helburua: sarea sortzea, jendeak elkar ezagutzea eta “kirolari buruz beste perspektiba batetik hitz egitea”.

Ingrávidas

Esan bezala, Gehiago Edicions-en bigarren argitalpena da Ingrávidas. Escalantes-en “ondorio” bat dela azaldu koordinatzaile lanak egin dituen Maria Francisca Masek. Izan ere, lan horri esker ezagutu dituen pertsonek egindako lanekin osatu du bigarren hau. “Escalantes-ek emakumeei buruz baino ez du hitz egiten, beren esperientziei buruz, zelan bizi duten eskalada eta zer den eurentzat. [...] Ingrávidas-en emakume kategoriatik eta normatibotasunetik harago joan gara: emakume lodiek hartu dute parte, trans pertsonek...”, azaldu du. Aitortu du oraindik ere “arrakalak” dituela lanak, pertsona arrazializatuena kasu, baina argitu du ez dutela dena une oro lantzeko asmorik, eta etorri ahala joango direla ertz desberdinei heltzen.

Hainbat pertsonaren lan anitzez osatuta dago Ingrávidas: narrazioak, olerkiak, marrazkiak, argazkiak... Lanak harilkatzen dituen gaia gorputza da, hau ere hainbat ertzetatik landua: eskalatzeko makina den gorputza, gorputz eria, gorputz gaixoa... Abortua, lodifobia eta trantsizio prozesuak bezalako gaiak ere jorratzen ditu Ingrávidas-ek.

Lan trinkoa eta mamitsua dela aurreratu du koordinatzaileak, irakurri eta hausnartzekoa eta, akaso, ez kolpe bakarrean irakurtzekoa. Izan ere, “nahiko fanzineroa” dela azaldu du eta, hain zuzen horrexegatik, atalez atal irakurtzeko aukera ematen duela.

Orbeko Etxeko jardunaldietan aipatutako hiru liburuak eskuratzeko aukera egongo da (Escalantes, Ingrávidas eta Lucha contra el capacitismo. Anarquía & Capacitismo), beste hainbat fanzinez eta liburuxkaz gain. Gainera, Escalantes Instagram kontuan eta Bilboko DDTn eskuratu daitezke aipatutakoak eta Ingrávidas maiatzaren 31n aurkeztuko dute Bilboko Malatesta tabernan (Goienkale 10), arratsaldeko 19:00etan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide