EH Bilduk ehunka lagun elkartu zituen atzo arratsaldean Aldai Plazan egindako hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusian. Ainize Gastaka alkategaiarekin batera, Eva Lopez de Arroyabe ahaldungaiak eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere hartu zuten hitza ekitaldian. Ordea, Aiaraldeko beste udalerrietako EH Bilduren alkategaiak ere izan ziren Laudion, Gastakaren hautagaitza babesten
Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain dagoen Galder Barbadori eskaini zizkion Ainize Gastakak hitzartzeko lehenego elkartasun hitzak. Izan ere, gazte auzipetuaren abokatua izan da orain arte alkategaia.
Gaian sartuta, Laudiok "aldaketa behar duela" aldarrikatu zuen Gastakak. Politika egiteko bi eredu kontrajarri jarri zituen parez pare; "xahutzaileena eta espekulatzaileena edo herriarena". Maiatzaren 28ko hauteskundeak bi eredu horien arteko lehia direla azpimarratu zuen Gastakak, eta "eskuinari frenoa jartzearen garrantzia" aldarrikatu zuen. "Sistema publikoarekin negozioa egin dutenei amaitu zaie txolloa. Eskuinaren asmo pribatizatzaileek bizi kalitatea eta planeta xahutu dute".
Araban "aldaketa gauzatzeko beharra" azpimarratu zuen Lopez de Arroyabek, eta aldaketa hori ezker indepentistaren esku dagoela nabarmendu zuen.
Eva Lopez de Arroyabe ahaldungaiak Pablo Gorostiagari egin zion keinua: "Aitzindariak izan zineten Laudioko Udala herritarren mesedetara jartzen Pablo Gorostiagaren eskutik. Orain indar hori guztia Araba eraldatzearen mesedetara jarri behar duzue". Araban "aldaketa gauzatzeko beharra" azpimarratu zuen Lopez de Arroyabek, eta aldaketa hori ezker independentistaren esku dagoela nabarmendu zuen.
Azkenik, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak, koalizioak "sentsibilitate desberdinen topaleku" izateko duen gaitasuna jarri zuen balioan. Eztabaida politiko "jantzia" aldarrikatu zuen: "Hau ez da sigla politikoen kontua. Politika publikoak aldatzea da gakoa. Iruzurrezko OPEak egiten direnean Osakidetzan eta zerbitzu publikoak degradatzen direnean, ez zaio iruzur egiten EH Bilduri, herri honetako jendeari baizik, bozkatzen duena bozkatzen duela".