Lehia estua izan da azken unera arte, baina, azkenean, EH Bildurena izan da zerrendarik bozkatuena Laudion. Zein da egiten duzuen lehenengo balorazioa?
Egia esan, ezin dugu besterik esan; oso oso pozik gaudela, oso ilusionatuta eta lan egiteko gogo handiarekin.
Zazpi zinegotzi lortu dituzue, EAJk baino bat gehiago.
Azken konfirmazioa jaso arte ez gara guztiz ziur egongo; baina, hori dirudi. Oso oso pozik gaude emaitzarekin.
Balizko udalbatza horren osaerarekin, nolako egoera aurreikusten duzu udal gobernua osatzerako orduan?
Oraindik ez gara sartuko hori baloratzera. Zerrenda horretan hauteskundeak irabazten dituen lehenengo emakumea naiz, gaur asko dugu ospatzeko. Bereaz gaur ospatu eta bihar eseriko gara, benetan hitz egitera, balizko eszenatokiez. Mundu guztiarekin eseriko gara hitz egitera, eta orduan ikusiko da zer nolako eszenatokiak marrazten diren Laudion.
Aldaketa beharra aldarrikatu zenuten kanpaina hasieratik, eta horrela gauzatu da. Zer mezu helarazi nahi diezu zugan konfiantza jarri duten herritarrei?
Bihotzez mila mila esker herritar guztiei. Hauteskundeetan irabazi dugu aldarrikatzen genuen aldaketa, baina hurrengo legealdian egunero-egunero borrokatuko dugu udaletik aldaketa horren alde. Gure hautagaitzarekin herrian sortu den ilusio hori handitzen jarraitzea nahi dugu.