ESMARA PROIEKTUA

“Saharar familiek egin diguten harrera izan da proiektutik jaso dugun gauzarik onena”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko eka. 2a, 13:00

Laudio Ikastolako 2. batxilergoko ikasleak dira TASIO, IRAIA eta ANDER. Apirilean Saharara egin zuten elkartasun bidaia, eta esperientzia konpartitu dute Aiaraldea Komunikabidearekin.

Apirileko lehengo astean Saharako errefuxiatu kanpamentuetan izan zarete, Esmara proiektuaren barruan. Zertan datza proiektua?

Ander: Esmara proiektua da, Saharara, bertako errefuxiatu kanpamenduetara, bidia bat egiteko proiektua; kulturak elkar trukatzeko, gure laguntza eskaintzeko eta gure esku dagoen guztia egiteko. Duela urtebete jaso genuen hau gauzatzeko proposamena Laudio Ikastolaren partetik. Izan ere, COVID-19aren ondorioz, gure promozioak ez zuen ikasbidaia egiteko aukerarik, eta denok batera bidaia bat egiteko gogoekin geratu ginen. Proposamena jaso eta hamasei lagun animatu ginen proiektua martxan jartzera.

Proiektua finantzatzearen ardura zuen gain hartu duzue. Nolako lana izan da?

Tasio: Proiektua hainbat ekintzekin eraman dugu aurrera, horien artean hemen Faktorian egindako Sahara Eguna. Crowdfunding bideo bat ere grabatu genuen, Rosaliaren Despecha abestiari letra aldatuta, arrakasta handia izan zuena. Diru asko lortu genuen horri esker. Egindako lanak merezi izan du, baina lan gogorra izan da. Hainbat plazatan egon gara gure kamisetak eta poltsak saltzen.

Ander: Irudimen asko jarri dugu dirua lortzeko: zozketak, tonbola, bideoak…

Apirilaren 1ean abiatu zineten Saharara. Nolakoa izan da bidaia?

Iraia: Oso bidaia luzea izan zen. Aurreko egunean abiatu ginen Madrilera trenez, eta ordu asko eman genituen Madrilgo aireportuan zain. Izan ere, hainbat arazo tarteko, hegazkina berandu atera zen aireportutik. Bucraara herriraino joan ginen.

Tasio: Gehien harritu gintuen gauzetako bat izan zen, Bucraara iristeko erabili genituen autobusak Euskal Herrikoak edo Kataluinakoak zirela. Elkartasun kanpainetan bidaliak ziurrenik.

Zer nolako lanak burutu dituzue bertan?

Tasio: Proiektua elkartasun bidaia zenez, Anderrek aipatu bezala, hainbat azpiegitura konpontzen aritu gara, besteak beste, bertako udaletxea. Medikamentuak eta bestelako produktuak ere eraman genituen; janaria, arropa…

Euskal Herritik ere eraman dituzue zenbait produktu orduan.

Tasio: Finantziazio iturri gisa bigarren eskuko arropa erosteko azoka antolatu genuen, baina erabaki bertan bildutako arroparen zati handi bat gordetzea eta Saharara eramatea.

Ander: Deialdia zabaldu genuen Ikastolako familien artean arropa biltzeko, eta oso erantzun ona izan zuen.

Bertako familien etxeetan geratu zarete. Nolako esperientzia izan da?

Tasio: Guretzako interesgarriena hori izan da hain zuzen ere, familiekin elkarbizitzea eta kulturen trukaketa hori gauzatzea.

Iraia: Familiek oso ondo tratatu gaituzte.

Ander: Familiengandik jaso dugun harrera izan da proiektutik jaso dugun gauzarik onena.

Harremana mantentzen duzue bertako familiekin?

Ander: Azken egunean telefono zenbakiak eta Instagram kontuak trukatu genituen. Harremanetan jarraitzen dugu eta zelan gauden kontatzen diogu elkarri.

Nolakoa da bizitza errefuxiatuentzako kanpamentu batean?

Tasio: Gogorra. Gure adineko pertsonen prespektibatik ikusita, etorkizunerako oso aukera gutxi dituzte bertan.

Ander: Oso bizitza monotonoa da bertan. Hori da transmititu zigutena, horrela bizi behar izateaz oso nekatutua daudela.

Iraia: Gure adineko oso pertsona gutxi ikusi genituen. Horrek ere harritu gintuen.

Ander: Baldintzak ere ez dira onak. Argindarra duela urte gutxi iritsi zen.

Bertako txoko desberdinak ezagutzeko parada ere izan duzue.

Iraia: Kanpamentuetako ospitale bat bisitatzeko aukera izan genuen. Oso txikia zen, eta oso mediku eta erizain gutxi zeuden bertan. Baldintzak ez ziren espero genituenak bezain txarrak, baina ez ziren onak.

Ander: Saharar erresitentziaren museoa ere bisitatu genuen. Oso bisita aberasgarria izan zen guretzat. Bertako historia sakonki azaldu ziguten.

Iraia: Guk ideia orokor bat geneukan, eta bisita horrek asko lagundu gintuen bertako errealitatea ulertzeko.

Ander: Oso bizimodu gogorra eta borroka luzea izan dute bertan, eta oraindik ere izaten ari da.

Esperientziak bete ditu zuen espektatibak?

Iraia: Ez gindoazen espektatiba handiekin, ez genekien zer topatuko genuen bertan. Baldintza txarragoak espero genituen, baina esperotakoa baino egoera hobea aurkitu dugu.

Zuek aurten abiatutako proiektu honek zer nolako jarraipena izango du aurrerantzean?

Tasio: Gustatuko litzaiguke Ikastolako beste talde bat animatzea proiektuarekin aurrera jarraitzeko. Azken asteetan gelaz gela aritu gara proiektuaren emaitzak erakusten eta harrera ona izan du. Batxilergoko lehenengo mailakoak animatuta daude honezkero jarraipena emateko proiektuari.

Ander: Guk ere bueltatzeko asmoa daukagu, ez dakit Esmara proiektuaren barruan edo gure kabuz egingo dugun, baina egingo dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide