Olatz Caminok bikain hasi du denboraldia

Jone Gartzia Gerra 2023ko eka. 5a, 17:30

Abadiño Cycling Academia taldearekin ari da aurten Olatz Camino, eta hau Eneicat taldearen filiala da. / Olatz Camino

Euskadiko bigarrena eta Arabako txapelduna bilakatu da laudioarra errepideko txirrindularitzan. Munduko onenekin batera UCI lasterketa batean lehiatzeko aukera ere izan du, eta oso pozik dago lortutako emaitzarekin. Hasi berri duen denboraldiaren inguruan mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Olatz Camino Arteaga laudioarrarentzako denboraldia hasi baino ez da egin, baina baita ondo hasi ere. Maiatzaren 20an Larrinben jokatutako Euskadiko Txapelketan bigarren sailkatu zen elite sub23 mailan eta lehena Arabako Txapelketan. Horrez gain, UCI Women’s txapelketan 43. postua eskuratu zuen, Eibarren egindako lasterketan. 19 urteko txirrindulari gaztea aurten hasi da Abadiño Cycling Academia taldean eta CTW Eneicat CM Team talde profesionalaren filiala denez, munduko onenen aurka lehiatzeko aukera izan du.

“Niretzako UCIekin ondo egitea Euskadiko Txapelketan bigarren egitea baino garrantzitsuagoa da”

Hori izan da, zehazki, txirrindulari gazteak nabarmendu nahi izan duena. UCI txapelketan “munduko txirrindulari onenek” hartzen dute parte, bere esanetan. Abadiñoko taldea Eneicaten filiala denez, joan den maiatzaren 28an Eibarren izandako lasterketara gonbidatu zituzten. Caminok hirugarren txirrindulari multzoarekin gurutzatu zuen helmuga, 43. postuan. Oso pozik azaldu da emaitzarekin: “Niretzako UCIekin ondo egitea Euskadiko Txapelketan bigarren egitea baino garrantzitsuagoa da”.

Denboraldi osoa aurretik

Gutxi gorabehera iraila amaiera arte irauten du txirrindularitza denboraldiak Olatz Caminorentzat. Hartara, lasterketa garaian murgiltzen hasi berria da laudioarra, eta “pixkanaka-pixkanaka hobetzen” doala uste du. Lehen urtea da 23 urte azpikoen elite mailan aritzen dela, eta berarentzako aukera handia dela azaldu du: “Oso ezberdina da. Maila handiagoa dago eta jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Asko ikasten dut”.

Are, lasterketa handietan lehiatzeko aukera izango du laudioarrak. Aiaraldea Komunikabideari aipatu dionez, hainbat Espainiako kopa ditu jokatzeke, Nafarroan eta Valentzian kasu. Murtziara eta Balmasedara (Bizkaia) ere joango da lehiatzera, baita Portugalera eta Kolonbiara ere. Izan ere, bere taldea azken herrialde horretako beste talde batekin lotuta dago.

19 urte ditu Caminok eta aurten hasi da 23 urte azpiekoen elite mailan lehiatzen. Nazioarteko zenbait itzulitan parte hartzeko aukera izango du, Portugalen eta Kolonbian kasu.

Nolanahi ere, txirrindulariak oraindik ez du argi zein izango den zehazki bere lehiaketa egutegia. “Lasterketak nola egiten dituzun ikusten dute eta horren arabera gonbidatzen zaituzte”, aipatu du. Hala ere, laster azterketak amaitu eta txirrindularitzan murgilduko da buru-belarri.

Gogotsu dago bizikleta gainean aritzeko, bai denboraldi honetan eta baita hurrengoetan ere. “Taldeak ematen dizkizun baliabideek gehiago motibatzen zaituzte”, aitortu du. Era berean, aukera izatekotan, txirrindularitzaz bizi nahiko lukeela adierazi du eta, bere iritziz, emakumezkoak gizonezkoak baino gutxiago direnez mundu honetan, profesional izateko aukera gehiago dute.

Abadiño Cycling Academiako bost txirrindulariak (Olatz Camino, Lidia Pinto, Almudena Morales, Carolina Vega eta Marta Rosillo).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide