Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Nire katarsian edo emozioen deskargan datza abesti hauen sorrera”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko eka. 7a, 20:37

Katarsia izeneko bost kantuko EPa plazaratu du MALEN ATXA ‘MATX’ musikari laudioarrak. Larunbatean (ekainak 10) aurkeztuko du lan berria Amurrio Antzokian, 20:00etan. Faktoriara bertaratu da bere proiektuen nondik norakoak azaldu eta abesti bat zuzenean jotzera. 

EP berria prestatu duzu, Katarsia izenekoa. Zer aurkituko dugu entzuleok bertan?

Katarsia bost abestiz osatutako proiektua da, oso pertsonala.  Abestiak hortik erdi-idatzita nituen, ez nekien zer egin horiekin, eseri eta bukatzea erabaki nuen arte. Saiatu nintzen guztiei pixkat forma ematen ea horiekin zerbait egin zitekeen ikusteko.

Egoitz Uriarteri proposatu nion niri laguntzea, eta animatu egin zen. Urtarriletik hona ibili gara grabaketa prozesuan, bost abesti lortu ditugu eta horiek guztiak EP batean elkartu ditugu.

Zergatik Katarsia?

Istorio kuriosoa da. Nik Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasten dut Gasteizen. Lehenengo lau hilekoan literatura arloa daukagu; Aristoteles eta horrelakoak ikasten ditugu bertan. Bat-batean katarsia hitzarekin egin nuen topo eta nik ez nekien zer zen.

Katarsia sentimenduen deskarga bat da. Nik abestiak idazten ditudanean ez naiz inoiz geratzen pentsatzera zer den idazten dudana, edo zergatik idazten dudan gauza bat edo bestea. Orduan konturatu nintzen, nik hitzez edo inori helarazten ez nizkion sentimenduak abesti bihurtzen ditudala. Azken finean nire katarsia, edo emozioen deskarga hori, bada abesti hauen sorrera.

“Nik abestiak idazten ditudanean ez naiz inoiz geratzen pentsatzera zer den idazten dudana, edo zergatik idazten dudan gauza bat edo bestea. Orduan konturatu nintzen, nik hitzez edo inori helarazten ez nizkion sentimenduak abesti bihurtzen ditudala”

Duela bi urte Faktorian eskaini zenuen zure lehenengo kontzertua. Geroztik, nola aldatu da Malen Atxa eta Matx proiektua?

Nik ez dut uste gehiegi aldatu naizenik. Atzera begiratuta egia da kontzertu ugari eskaini ditugula, izan bakarka edota Cuatro Bancoseko kideekin (haiei ere eskerrak). Abestiek ere beste forma bat hartu dute.

Faktoriako lehenengo kontzertu hura ‘toma de contacto’ izan zen. Nik Amurrioko musika eskolarekin eskainiak nituen pare bat kontzertu baina beti bertsioak joz. Faktoria izan zen jendeak nire abestiak aurrenekoz entzun zituen tokia. Orain orduan baino presio gehiago sentitzen dut, honezkero publikoak ezagutzen dituelako abestiak.

Amurrio Antzokian aurkeztuko duzu zure azken lana larunbatean.

Alexek, Cuatro Bancoseko bateriak, bota zidan proposamena: “Zergatik ez diozu Amurrioko Udalari galdetzen ea zure aurkezpena egin dezakezun Antzokian?”. Nik ez nuen inolako erantzunik espero, eta baiezkoa eman zidatenean, urduritzen hasi nintzen. Zer egin behar genuen?

Entseatzeari ekin genion orduan. Nik Egoitz Uriarterekin ekoitzi ditutu abestiak, Cuatro bancoseko kideek ez zituzten ezagutzen. Gainera, bost abestirekin soilik ezin genuen kontzertu bat eskaini. Prozesu luzea izan da, martxoan hasi ginen honekin eta azken unera arte egon gara zuzenekoa prestatzen.

“Hitzek egun batean gauza bat transmititzen didate eta beste egun batean beste zerbait”

Aurkezpenaren aurretik Laztankiro aurrerapen kanta plazaratu zenuen. Zeintzuk dira bere osagai nagusiak?

Amak ere askotan galdetzen dit abesti honek eta besteek zer esan nahi duten, nori dauden idatziak… Eta askotan nik neuk ere ez dakit erantzuna (barreak). Hitzek egun batean gauza bat transmititzen didate eta beste egun batean beste zerbait. Abestiak idazten ditudanean prozesua nahiko luzea izaten da, ez ditudalako egun bakarrean idazten gehienetan, eta ni ere fase desberdinetan egoten naiz.

Nik beti esaten dut nire abestiek hainbat interpretazio izan ditzaketela entzuten duen pertsonaren arabera.

Laztankirok maitasunez esan nahi du. Egia esanda ez dakit zergatik aukeratu genuen abesti horren bideoklipa grabatzea. Aurkezpenaren aurretik bi abestiren bideoklipak kaleratu nahi genituen, baina, eguraldia tarteko, bakarra grabatu dugu. Baina ziur datozen asteetan berriren bat egingo dugula.

Bideoklipa aipatu duzula, Laudioko hainbat sortzailek parte hartu dute bertan. Nolakoa izan da grabaketa?

Aktore lanetan Uxue Derecho ibili da. Nire kuadrillako neska bat da bera, eta interpretazioa ikasten du Bilbon. Egia esanda, EParen grabaketa osoan asko lagundu nauen pertsona izan da, eta behin baino gehiagotan aipatu zidan bideokliparen ideia. Niri kamarak eta argazkiak ez zaizkit bereziki gustatzen. Nahiko biluzik ikusten nuen nire burua kamara baten aurrean, eta berari proposatu nion bideoklipean agertzea. Azkenean ni ere agertu naiz, engainatu egin ninduten (barreak).

Grabaketa lanetan Naia Vallejo aritu da, Laudioko beste neska bat. Proposatu genionean zalantzarik gabe eman zigun baiezkoa, eta plazer bat izan da berarekin lan egitea. Espero dut etorkizunean proiektua elikatzen jarraitzea. Naiak egin ditu ere EPa promozionatzeko argazkiak.

EParen azaleko irudia Naia Vallejorena da ere, baina diseinua nire beste lagun baten lehengusinak egin du; Ane Kareagak.

“Txikitatik beti izan dut ohitura gauza askotan arreta jartzeko: kartelak, esaldiak, liburuak… Buruan bueltak ematen dizkiot guzti horri eta hortik abiatzen naiz abestien hitzak idazterako orduan”

Abestietara itzuliz; nolakoa da Matx-en sorkuntza prozesua?

Txikitatik beti izan dut ohitura gauza askotan arreta jartzeko: kartelak, esaldiak, liburuak… Buruan bueltak ematen dizkiot guzti horri eta hortik abiatzen naiz abestien hitzak idazterako orduan. Duela urte batzuk asko idazten nuen telefono mugikorrean, baina apurtu egin zitzaidan eta abesti pila bat galdu nituen. Kriston amorrua eman zidan horrek.

Etxean amaren lagun batek oparitutako koaderno gorri batekin egin nuen topo. Orain koderno horrekin nabil gora eta behera, nire hitzak eskuz idatziz. EParen promoziorako era baliatu dugu koaderno gorri hori.

Behin letra daukadala melodiarekin hasten naiz. Ni nahiko oinarrizkoa naiz gitarrarekin, baina badaukat nire estruktura propioa. Hori Egoitzekin eta beste kideekin elkarbanatuta, behin betiko forma ematen diogu abestiari.

Behin EParen aurkezpena igarota, zeintzuk dira zure asmoak datozen hilabeteetarako?

Ez daukat ideia askorik buruan, ezta denborarik ere ez. Irailean Erasmusean noa Italiara, uste dut EPa atera dudala nahiko garai arraroan. Badator uda eta udarekin kontzertuak, baina momentuz bakarrik ditut ekainekoak lotuta: ekainaren 17an Artziniegako igerilekuetan eta ekainaren 30ean Laudioko sanpedropekoetan. Ari naiz uztailean eta abuztuan kontzertuak lotu nahian.

Epe luzeagora begira ez dakit zer gertatuko den, ez naiz horretan pentsatzen jarri. Momentuz nire hobbya da, nire denbora librean egiten dudan zerbait. Zerbait sortzen bada aurrera, baina une honetan ez dut beste asmorik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide