Laudio Atletismo taldeko korrikalaria da Josu Apraiz, eta master 45 mailan lehiatzen da -45 eta 49 urte artean dituzten kirolariekin-. Joan den larunbatean, ekainaren 3an, Euskadiko Atletismo Master Txapelketan hartu zuen parte, Durangon. Zehazki, 5.000 metroko lasterketan lehiatu zen.
Korrikalari guztien artean laugarren gurutzatu zuen helmugako marra, 16:41:97ko markarekin. Bere kategoriakoen artean, aldiz, bigarrena izan zen. “Oso egokitzat” jo du postua, aurreko egunetan sabeleko eta buruko minarekin ibili baitzen.
Lasterketa iraunkorra
Apraizek azaldu du lasterketa osoan antzeko erritmoa mantendu zuela, aldaketa nabarmenik gabe. Hasierako momentutik maila handiagoa erakutsi zuen lehiakidea gailendu zen bere kategoriakoen artean, eta laudioarrak hasi zuen postu berean amaitu zuen lasterketa: bigarrenean.
Ez da bere markarik onena izan, inondik inora; baina, korrikalariak erlojuari baino postuari eman dio garrantzia handiagoa. Alde batetik, azaldu du klimatologia ez zutela alde izan. Bestetik, txapelketa bat izanik, marka ona egitea baino garrantzitsuagoa izaten da podiumean sartzea edo postu ona eskuratzea. “Horregatik, lasterketa hauek batzuetan taktikoak eta geldoak izaten dira”, argitu du laudioarrak.
Denboraldia ere, iraunkor
Orokorrean, denboraldi osoa “oso positiboa” izaten ari dela azaldu du Josu Apraizek. Hainbat podium zapaldu ditu bai maila absolutuan zein beteranoetan. Azken kategoria honetan, bi lorpen azpimarratu nahi izan ditu: batetik, Euskadiko Pista Estaliko Txapelketan garaile izan zela 3.000 metroetan; eta, bestetik, maiatzean Alcala Henaresen Espainiako Txapelketan seigarren sailkatu zela 10.000 metroko lasterketan.
Udaren atarian gaudela, korrikalariaren hurrengo helburua ekainaren 18an izango den Laudioko 10k lasterketa izango da. Azaldu du bertako lehen atleta izateko borrokatuko dela, bai eta marka on bat eta sailkapen orokorrean postu on bat eskuratzeko ere.