Ostegunean epaituko dute Tubacexeko auziperatuetako bat eta irailean beste hiru, eta elkartasun dinamika jarri dute martxan

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 11a, 20:30

Ostegunean epaituko dute Tubacexeko langile bat eta 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri nahi dio Fiskaltzak.

Gaur eguerdian prentsaurrekoa deitu dute Tubacexeko auziperatuek, senideek eta lagunek, Tubacex enpresako langile batzordearen eta Erresistentzia Kutxaren babesarekin. Agerraldiaren xedea izan da jakinaraztea ostegunean, ekainaren 15ean, langile bat epaituko dutela 2021eko greban gertatutako istiluen harira.

Beharginak 21 hilabeteko espetxe zigorrari egingo dio aurre Gasteizko epaitegian, agintaritzaren kontrako atentatua eta desobedientzia leporatuta. 9:30ean elkarretaratzea egingo dute epaitegiaren aurrean, elkartasuna adierazteko.

Prentsaurrekoaren deitzaileek gogoratu dute Ertzaintzak betirako lesioa eragin ziola langileari atxiloketan eta nabarmendu dute poliziek bereziki bortitz jokatu zutela berarekin.

Beste epaiketa bat irailean

Aste honetan egongo den epaiketaz gain, gaurko agerraldian azaldu dute beste bat egongo dela irailean. Eskualdeko beste enpresetako hiru langile eseriko dira akusatuen aulkian, 4 urte eta 7 hilabeteko espetxe zigor eskaerekin.

Prentsaurrekoaren antolatzaileen iritziz, enpresako langileak ez direnen kontra "gehiegizko zigorrak" eskatzeak bi helburu ditu. Alde batetik, "saltzea protestetan gertatutako istiluak grebarekin zerikusirik ez zuten herritarrek sortu zituztela". Bestetik, borroka kriminalizatzea eta ekiditea herritarren eta gizartearen artean babesa jasotzea.

Guztira, 20 urteko espetxe zigor eskaerak

Eskaera fiskal guztiak aintzat hartuta, grebalariek 20 urte baino gehiagoko kartzela zigorrak metatu dituzte. Aipatutakoez gain, beste bi langile daude epaiketaren zain.

Lehenengo epaitua, absolbitua

Tubacexeko grebari lotutako lehen epaituak hartu du hitza agerraldian, besteak beste, eta berak gogoratu du absolbitua izateaz gain, "epaileak argi eta garbi utzi zituela ertzainen gezurrak".

Horregatik guztiagatik, akusatu guztien absoluzioa aldarrikatu dute, babesa eta elkartasuna adierazteko deia zabaltzearekin batera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide