Arabako Kopa Laudiora ekarri zuen atzo Altzarrate Kirol Elkarteak Gasteiztik Laudiora. Izan ere, senior kategoriako kideek Betoñon jokatu zuten finala 12:30ean Hauskaitz taldearen aurka eta 2-0 gailendu ziren.
Klubak nabarmendu du taldeak ez duela partida bakarra ere galdu txapelketa osoan eta denboraldi bikaintzat jo dute bukatu berri dena.
Arabako Kopako txapeldunak izan ziren atzo @altzarrateke klubeko jokalariak. pic.twitter.com/YPcek4PMrj
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) June 12, 2023
Ordu berean, kadeteek ere finala jokatu zuten Alavesen aurka eta 5-1 galdu zuten. Klubean bazekiten aukerak eskasak zirela herrialdeko talderik potenteenaren aurka, lurralde osoko jokalariak biltzen baititu. Hala ere, oso positiboki baloratu dute txapeldunordeak izatea.
Partida zaila
Altzarrateko seniorren emaitzak kontrakoa iradokitzen badu ere, partida zaila izan zen Hauskaitzen aurka izan zutena.
Irune Egiguren entrenatzaileak azaldu du, hasteko, hamabi jokalari baino ez zituztela norgehiagokan erabiltzeko, lesioen ondorioz, baina hasieratik oso gogotsu ekin zioten partiduari.
Horri esker, gol aukerak izan zituzten, nahiz eta aurkariek ere eurenak eduki. Gauzak horrela, Izaro San Miguelen gola ez zen heldu lehen zatiko 45. minutura arte, hau da, denbora amaitzear zegoela.
Laudioarrak gol psikologiko baten aldearekin joan ziren atsedenaldira eta bigarren zatian Hauskaitzek hartu zuen partidaren iniziatiba. Egigurenek aitortu du berdintzeko aukera argiak izan zituztela, baina ez zutela lortu eta 70. minututik aurrera indarra galtzen joan zirela.
Azkenean, norgehiagoka amaitzeko minutu gutxi falta zirelarik, Haizea Andinok bigarren gola egin zuen eta gasteiztarrek amore eman zuten.
Hala ere, ia amierara arte heldu ziren Hauskaitzekoak irabazteko aukerekin.