Hasteko, Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen (Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren atzean dagoen entitatearen) urteroko batzar nagusia egin zuten. Hitzordu hori kooperatibako bazkideei bideratuta zegoen, baina eguneko gainontzeko ekintzak jende orori irekiak egon ziren. Gauzak hala, hainbat lagun bertaratu ziren eguerdian haurrentzako ekintzez, bermut musikatuaz zein bazkariaz gozatzeko.
Bazkalostean, aldiz, musika izan zen protagonista nagusia. Ziriki eta Mirikik Diskotxantxaren emanaldi berria estreinatu zuten. Ondoren, karaoke akustikoan aritzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, Asla musikariaren laguntzarekin. Bukatzeko, Erroka taldea igo zen oholtzara, eta elektrofolk doinu eta erritmoak baliatuta jarri zituen dantzan bertaratutako lagunak.