Horma-irudi berri batek janzten du Laudioko Zumalakarregi etorbidea. Alberto Fernandezek sinatu du Kulturlab ekimenaren Bigarren Azala proiektu artistikoko 13. esku hartzea, eta datorren hilabetean zehar egongo da ikusgai. UOCeko Arte Gradua ikasten ari da Fernandez, eta aldarrikatu du prozesuan bertan dagoela bere estilo pertsonalaren muina.
Utopian bizitzearen beharra
"Utopian bizitzea", hori da Alberto Fernandezen obraren izenburua. Artistak trafiko seinale erraldoi bat bat irudikatu du Zumalakarregi etorbidearen erdian. Derrigortasun-seinaleak utopia hitza du erdian, Fernandezen hitzetan, "ideal utopikoaren aginduzko ekintzaren aurrean" jartzeko ikuslea.
Obrak hausnarketa bat mahai-gaineratu nahi du: utopian bizitzeko beharra. "Utopian bizitzeak etorkizuna orainetik irudikatzeko erronka planteatzen du, sortzen diren ahalak beste iruditeria batetik irtenaraziz".
Frederic Jamesonen esaldi batean laburbildu du Alberto Fernandezek bere lanaren muina: "errazagoa da munduaren amaiera irudikatzea kapitalismoaren amaiera baino, badirudi etorkizun okerragoak irudikatzeak etorkizun hobeak irudikatzeko gaitasuna kendu digula".
Distopiek irudimen kolektiboa hartzen duten garaiotan, duela bi urte pandemia betean sortutako "ehun-loturak eta balizko potentziak" aldarrikatu ditu Fernandezek: "Utopian bizitzeak gure nortasun propioa eta kolektiboa ezartzen duen iruditeria berreskuratzearen alde egiten du, baita gure subjektibotasunak programatzen dituen kodeak berrantolatzearen alde ere".
Layna Martinezen esaldi batekin borobildu du Zumalakarregiko obraren azalpena: "Etorkizun okerragoa irudikatzen badugu, oraina onargarriagoa irudituko zaigu eta ez dugu gauzak aldatzeko borrokatuko".