Gaur arratsaldean erabakiko du Omniak EH Bildu edo EAJ babestuko duen Laudioko alkatetza lortzeko

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 14a, 13:17

Omniako kideak hauteskunde kanpainako jarduera batean. / Omnia

Batzarra egingo du alderdi independenteak bere kideekin bi proiektuen berri emateko eta 20:00etan bozkatuko dute. Bihar jakinaraziko dute emaitza, eguerdian.

Laudioko aginte makilak nork hartuko duen erabakitzeko prozesua azken txanpan sartuko da gaur. Izan ere, negoziazio prozesua izan ostean, Omniak EH Bildurekin eta EAJrekin lortutako aurreakordioak aurkeztuko ditu batzarrean bere kideen aurrean. 18:00etan hasiko da bilera eta 20:00etan bozkatzea aurreikusi dute.

Bozketaren emaitzaren berri emateko, bihar prentsaurrekoa egingo dute 12:00etan Laudioko Udaleko udal osoko bilkura aretoan.

EH Bildu eta EAJ, abantailak eta oztopoak

Alvaro Barrios alderdiko bozeramaileak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari EH Bilduren eta EAJren proiektuak oso bestelakoak direla eta horien artean erabaki beharko dutela taldeko kideek. Ainize Gastakak lideratzen duen zerrendaren oinarria herritarren parte hartzea da eta, zentzu horretan, Barriosek sumatzen du gertutasun gehiago dutela ideien esparruan. Ordea, bere ustez, proposamena ahula da sakontzerako orduan, hainbat gaitan ez baitute ezer zehaztu.

EAJren aldetik, Omniako alkategaiaren aburuz, akordioak askoz zehatzagoak dira, baina bi oztopo egon daitezke omniakideen aldetik. Batetik, azken lau urteetako gobernatzeko eredua, gehiengo absolutuan oinarritu baitituzte erabakiak. Bestalde, Omnia eta PSE-EEren arteko harremana ez da ona izan azken legealdian eta independenteak ez daude oso prest sozialistekin udal gobernu taldean aritzeko.

EAJren aldeko beste aldagaia da, edonola ere, udal sailak eta zinegotziak banatzeko orduan, ordezkaritza handiagoa izango lukeela Omniak. "EAJk 5 zinegotzi eskuratu ditu eta EH Bilduk 6, hortaz, botere banaketa handiagoa litzateke jeltzaleekin", argitu du Barriosek.

Zentzu batean zein bestean, Omniako kideek argituko dute gaur zein taldek gobernatuko duten Laudio hurrengo lau urteetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide